Memoria eta ondare sinbolikoa, historikoa eta kulturala aztertzeko ibilbide gidatuak
Beste urte batez, Gernika-Lumoko Bakearen Museoa Memoritour Gernika ibilbide gidatuak eskaintzen ari da uda honetan.
Ekainaren 19tik irailaren 10era bitartean, astelehenetik domekara egiten dituzte aipatutako programaren barruko ibilbide gidatuak. Horietan guztietan memoria eta ondare sinbolikoa, historikoa eta kulturala aztertzen dituzte.
Lau ibilbide daude aukeran: Babesleku antiaereoak, Berreraikuntza, Gerra korrespontsalak Gernikan eta Picasso eta Guernica. 12:30ean hasten dituzte denak, eta interesa daukatenek aldez aurretik erreserba egin behar dute, Bakearen Museoaren webgunean.
Babesleku antiaereoak deritzona astelehenetan eta domeketan eskaintzen dute, Berreraikuntza eguaztenetan eta barikuetan, Picasso eta Guernica martitzenetan eta zapatuetan, eta gerra korrespontsalena, ostera, egun bakarrean egiten dute, eguenetan.
Erakusketa iraunkorra. Bestalde, museoan 25. urteurrenagatik erakusketa iraunkorrera doako bisita gidatuak eskaintzen ari dira, irailaren 10era bitartean. 16:00etan hasten dute euskarazkoa, eta 17:00etan gaztelerazkoa, eta ordubete irauten dute.
Erakusketa horretan, besteak beste, “Bakea zer den eta gaur egun giza eskubideen arloan zer gertatzen ari den” azaltzen dute, eta horrez gain, Bonbardaketa bizi izan zutenen testigantzak ere jasotzen ditu erakusketak.