Hiru proiektu sustatzeko 77.220,03 euroko diru laguntza lortu du Lanbide Ekimenak Zentroak
Busturialdeko berrikuntza irekia (23.707,52 euro), Salbide (27.990 euro) eta Supertu digitala (25.522,51 euro) dira diruz lagundu dituzten proiektuak.
Lurraldeko lehiakortasuna sustatzeko helburuz, Lanbide Ekimenak Zentroak Bizkaia orekan Sakonduz programan parte hartzen du urtero, eta, aurten, 77.220,03 euroko diru laguntza lortu du eskualdeko lehiakortasuna hobetuko duten proiektuak bultzatzeko. Hain zuzen ere, hiru dira diruz lagundu dituzten proiektuak: Busturialdeko berrikuntza irekia (23.707,52 euro), Salbide (27.990 euro) eta Supertu digitala (25.522,51 euro). “Proiektu hauek Busturialdeko garapen ekonomikoaren plan estrategikoaren lan ildoekin lerrokatuta daude eta inpaktu zuzena dute eskualdeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, epe laburrean”, azaldu dute Lanbide Ekimenak Zentroak.
Busturialdeko Berrikuntza Irekia proiektuaren helburu nagusia da Egoin eta Maier enpresen erronkak definitzea eta erronka horientzako irtenbideak diseinatzea, berrikuntza irekiko prozesu baten bidez. Prozesu hori hori aldundiko BIOK plataformaren bidez bideratuko dute, “enpresen erronkei nazioarteko mailan irtenbideak eskaintzeko”. Jakinarazi dute prozesu horren amaieran, nazioartean aurtezten diren proposamen guztietatik onena aukeratuko dutela epaimahai baten bidez, Maier eta Egoinen erronkei irtenbide bat emateko eta euren antolakuntzetan ezartzeko. Lanbide Ekimenak Zentroak proiektuaren koordinazioa bideratuko du prozesu osoan, Bermeoaldeko Behargintzarekin eta aldundiarekin elkarlanean.
Maierren erronka da autoen barruko ingurumen argiztapena hobetzea eta erabiltzaileen segurtasuna handitzea. Horretarako, teknologia berriak plastikozko injekzio prozesuan zelan integratu behar diren proposatu beharko dute parte hartzaileek. Egoinen erronkan, berriz, parte hartzaileek hurrengo galderari erantzun beharko diote: zelan neurtu eta kontrolatu behar da zurezko eraikuntza industrialaren ingurumen inpaktua?.
Salbide proiektuak eskualdeko enpresen aktibazio komertziala bultzatzeko helburua du, bezero berriak bilatzeko eta merkatu kuota handitzeko. “Oso baliagarria da eskualdeko enpresek beharrizan handia dutelako merkatua dibertsifikatzeko, bezero gutxi batzuen menpekotasun handia dutelako euren fakturazioan”, azaldu dute. Ekimen honi esker, parte hartzen duten enpresek merkataritza prozesu “egokiak” ezarriko dituzte euren organizazioetan, salmentarako metodologia eta tresna berriekin. Horretarako, enpresei zuzendutako formakuntza ikastaroa antolatu dute, enpresa horien potentzialak identifikatzeko. Hauek dira parte hartzen duten enpresak: Metaltermica Gai S.L, Teksolem, LGK Logistica eta Uraldi.
Suspertu Digitala, berriz, eskualdeko enpresen digitalizazioa sustatzeko proiektua da, eta hainbat ekintza prestatu dituzte enpresei zuzenduta: teknologia berrien eta gaitasun digitalei buruzko formakuntza tailerrak, digitalizazioari buruzko jardunaldien antolaketa, enpresen arteko bisita gidatuak, enpresei laguntzeko digitalizazio planak egitea edota digitalizaziorako diru laguntza publikoak eskatzen laguntzea. “Proiektuan Bizkaiko 11 garapen agentziak parte hartzen dugu, eta gure eskualdetik hainbat enpresa daude parte hartzen digitalizazioarekin erlazioa duten ekintza desberdinetan. Beraz, teknologia berriak erabiltzeko beharrizana duten enpresei, euren organizazioetan digitalizazioa ezartzeko ibilbide osoan lagunduko zaie”, azaldu dute.