Foruko basurdeak eta basurde ohiak omentzeko lagunarteko partidua antolatu dute
Etzi [uztailak 21], 19:00etan, jarri dute hitzordua Foruko zelaian.
Gernika Rugby Taldea 50.urteurrena ospatzen dabil aurten, eta Foruan taldearen mende erdiko ibilbidearen ospakizunak baliatu gura izan dituzte udalerrian ere zerbait berezia egiteko. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, Gernika RTko sortzaileen artean foruarrak ere egon ziren. “Foruan beti egon da errugbi zaleen tradizioa, beti mugitu izan da jendea kirol horren inguruan”, diote. Modu horretara, Foruko basurde eta basurde ohiak omentzeko lagunarteko errubgi partidua antolatu dute.
Duela urte batzuk errugbi torneoa antolatu zuten udan, eta “oso arrakastatsua” izan zela gogora ekarri dute. Pandemiaren ostean, hala ere, gauzak “hoztu” egin zirela diote, eta orain “modu batera edo bestera berreskuratzeko asmoa” daukate. Hala, Gernika Rugby Taldearen historian foruar askok jokatu izan dutela ikusirik, eta, era berean, herrian zaletasun asko dagoela ikusita, asko baitira Urbietako partiduetan batzen diren herritarrak, horien guztien omenezko lagunarteko partidu bat antolatzea pentsatu dute: “Harremanik gabeko partidua izango da, jokalari ohiek euren momentuak gogoraratzeko eta lehengoak eta oraingoak elkar ezagutzeko”.
Etzi [uztailak 21], 19:00etan, jarri dute hitzordua Foruko zelaian. “Gonbidapenak bidali ditugu, eta espero dugu jendea bertaratzea. Jokalariak edo jokalari ohiak ez ezik, zaleek eta ingurukoek ere parte hartu dezakete. Errugbi egun polita ateratzea espero dugu, herriko jendeagaz eta giro herrikoian”, azaldu dute.
Lagunarteko partiduaren ostean, errugbian ezaguna den hirugarren denbora ere ez da faltako. Hala, jai giroan murgildu asmoz, jan-edanak ere egongo direla zehaztu dute.