Bizikleta elektrikoak alokatzeko aukera dago Mundakan ere
BBK Klimak eta Mundakako Udalak bizikleta elektrikoen zerbitzu berria jarri dute martxan udalerrian. Bizikleta elektrikoen geltokia Isla Kale Kiroldegiaren aurrean dago, eta alokatzeko eskariak telefono mugikorreko aplikazio baten bidez egin daitezke, baita https://www.nextbike.es/eu/bbkklima/ webgunean ere.
Ekainean BBK Klima Abentura parkea instalazio berriekin zabaldu zutenean iragarri zuten bertako arduradunek Bermeoko, Busturiko, Mundakako eta Sukarrietako udalekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema martxan ipini dutela aurten. “Ingurumen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea” dute helburu. Zerbitzuaren bitartez, bertoko herritarrei zein bisitariei “Urdaibaiko ingurunearen oreka naturala hautsi gabe eta kaltetu gabe mugitzeko aukera ematen” dietela azpimarratu dute.
Noizbehinkako alokairuaren prezioa 2,50 eurokoa izango da lehenengo ordu erdian, eta hurrengo ordu erdi bakoitzeko beste 2,50 euro. Aukera dago baita ere hileko eta urteko bonuak eskuratzeko 10 eta 70 eurotan, hurrenez hurren. Bizikletak 24 ordurako alokatzeko aukera ere badagoela aipatu dute, 25 eurotan.
Erabilerarako zehaztu dituzten baldintzei dagokienez, sisteman erregistratzeko 1,5 metroko altuera eta 16 urtetik gorakoa izatea beharrezkoa da; adin txikikoei gurasoek edo tutore baimenduek erregistroa bermatu behar diete. “Eta kaskoa eraman behar dela hiriarteko errepideetan”.