Haziberri: egonkortzeko pausoa eman duen ikuskizuna
1.000 ikus-entzule batu zituen barikuan Haziberrik Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean. Iluntze "magikoan" Zea Maysen kontzertu akustikoaz, 'Kantu Bat Gara' ikuskizunaz, eta Eireren, Mogumbo Brass Banden eta TPRren doinuez gozatu zuten bertaratu zirenek.
Ikuskizuna egonkortu egin da. Zea Maysen kontzertu akustikoak, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizunak eta Eire, Mogumbo Brass Band eta TPRren doinuek girotu zuten Europako Herrien Parkeko iluntze magikoa, barikuan. 1.000 ikus-entzulek bete zituzten oholtzaren aurreko aulki eta artilezko sakuak, eta gau berezi bezain hunkigarri baten lekuko izan ziren. Haziberrik neurria hartu dio parkeari, ikusleentzako esperientzia “ahalik eta onena eta politena” eskaintzea du helburu, eta egonkortzeko pauso garrantzitsua eman du aurten. “Haziberri egonkortzeko pauso bat izan da aurtengoa. Parkeari neurria hartu diogu, eta oso balorazio ona egiten dugu”, adierazi du Oier Plaza antolatzaileak.
Nahi zuten ikuskizuna eskaini zieten bertaratu zirenei. Gura zuten jendeak gozatzea, emozioa sentitzea, ikuskizunaren parte izatea. Lortu zuten: “Emozioa transmititu gura genuen, eta uste dugu lortu dugula. Batez ere etorri ziren artistei esker, baina antolakuntzaren aldetik ere oso pozik geratu gara”.
Kantu bat gara ikuskizunerako “ahalegin berezi bat” egin zutela onartu du Plazak, bestelako elementuak ikuskizunaren parte izatea bilatu zutelako, eta zenbait momentu hunkigarri azpimarratu ditu. Esaterako, bonbardaketaren lekukoak agertu ziren momentua nabarmendu du: “Berezi bezain hunkigarria izan zen. Lekukoak leku jakin batean egotea eta horiei lorak beste toki batzuetatik eroatea aurretiaz prestatu genuen”. Momentu “xelebreagoak” ere bizi izan zituzten, Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria euren Olabarri Trophy 4L autoan agertu zirelako parkean. “Jonek lortu zuen emozio hori transmititzea. Tokiko taldeekiko elkarlana puntu bat harago eroan zuen, eta eszenografia propio bat sortu genuen jaialdirako, tratamendu artistiko propio bat prestatu genuen. Oso polita izan zen”, azaldu du antolatzaileak.
Aurten, lehenengoz, musika atsedengunera eroateko apustua egin dute Haziberrikoek, eta apustu ona izan dela diote. “Jaialdi batek fluxu batzuk zaindu behar ditu, jendea hara eta hona mugitzen da, eta hori garrantzitsua da. Nik uste dut asmatu dugula denborekin, eta eszenatoki berri horren eskaintzak ondo funtzionatu duela”, adierazi du Plazak.
Ohi legez, aurten ere “garrantzi berezia” eskaini diote argiztapenari eta jaialdia estetikoki zaintzeari: “Pausoak ematen ari gara, saiatu gara hobetzen. Ikuskizunak asko transmititzen du, baina parkea bera eszenatoki bihurtzeko ahalegina garrantzitsua da guretzako. Horregaz jokatzen dugu”.
Jatekoagaz ere asmatu dute aurten. Iaz jatekoa eskaintzeko zalantza izan zuten, baina aurten iazkoagaz jarraitzea erabaki dute, eta uste dute “ondo” atera dela: “Hobetu egin dugu. Arindu egin da prozesua, eta gustura geratu gara. 1.000 pertsonari tarte laburretan afaltzen ematea oso zaila da. Gainera dena produktu lokala izatea ere garrantzitsua da guretzako. Oso pozik geratu gara, Baserritik Gernikarak egin duen lana oso ona izan da”.
Beste urte batez, jendearen erantzuna erabatekoa izan da. Sarrera guztiak agortu dituzte hirugarren urtez jarraian. “Zaila izaten da sarrera guztiak saltzea. Jendeak programazioari begiratzen dio maiz, baina jaialdia noiz izango den ere galdegin digute sarritan. Nor etorriko den baino, noz izango den galdetzen ziguten herritarrek”, onartu du antolatzaileak. Horren atzean, “lan asko” dago, eta boluntarioen lana ere eskertu dute antolatzaileek: “Ikusten ez den jende asko dago Haziberrin lanean. Lanean gaudenok gaude, baita boluntarioak eta laguntzen duten enpresak ere. Sare hori barik ezinezkoa izango litzateke Haziberri aurrera eroatea. Jendea prest dago. Gura dute Haziberrik jarraitzea, eta nabaritzen dugu”.