Euskaldunen presentzia Kalifornian
Euskaldunek Kaliforniaren sorreran eta garapenean izan zuten eragina aztertzen duen historia ikus daiteke Euskal Herria Museoan, irailaren 3ra bitartean: ‘Basques in California’.
Kaliforniako estatuaren aurkikuntzan eta sorkuntzan parte hartu zuten euskaldunek esploratzaile, marinel, soldadu, misiolari, kolono, peoi, aitzindari, gidari eta enpresaburu lanetan. 1533an agertu ziren lehenengoz Kaliforniaren historian, eta haien «kemena eta grina» erakusten duen erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan: Basques in California; irailaren 3ra bitartean bisitatu daiteke.
Bertan, Kaliforniaren historian barrena bidaiatzeko aukera izango dute bisitariek, euskaldunek egindako esplorazioak, ezarritako kokalekuak eta gaur egun duten rola ezagutzeko. Izan ere, euskaldunen ehun paregabea azpimarragarria da Kaliforniako “gizarte multietniko eta polifazetikoan”. Hain zuzen ere, erakusketan euskal ekarpen horiek azaltzen dituzte panelen, garaiko dokumentazioaren, bibliografiaren eta argazkien bidez, beste iturri historiko batzuen artean.
“Euskaldunek mendeak daramatzate Mundu Berriaren garapenean esku hartzen, eta ukaezina da Kaliforniaren historian izan duten eragina”, esanez hasten da erakusketa. Izan ere, gogoratzen du euskaldunak buru zituzten itsas espedizioek ekialdearen eta mendebaldearen arteko merkataritza bide berriak ezarri eta Kaliforniako kostaldea esploratzea lortu zutela, XVI, XVII eta XVIII mendeetan zehar. “Itzal handiko misio jesuitak 1699an hasi ziren sortzen Kalifornia Beherean. Indigena gehienak kristautu zituzten orduan. 1769an, itsas eta lur espedizioei esker, lau gotorleku eta 21 misio ezarrita ailegatu ziren Goi Kaliforniara. Gerora, kokaleku horietako batzuk estatuko hiri handienetakoak bilakatu ziren: San Diego, Santa Barbara, San Jose eta San Frantzisko, besteak beste”. Erakusketak dioenez, euskaldunen lana “berebizikoa” izan zen hazkunde prozesu horretan: “Esploratzaileak izan ziren, baina baita gotorlekuetako komandanteak eta gobernadoreak ere”.
XIX. mendean ere, emigratzea erabakitzen zuten euskaldunak Kalifornian kokatzen hasi zirela gogoratzen du museoko bildumak, 1849ko urre aurkikuntzek erakarrita, baina “azkar” ikusi zutela abeltzaintza urre meatzeak baino askoz “errentagarriagoa” zela dio: “1870. hamarkadaren amaieratik hasi eta 50 urteko tartean, euskaldunak taldeka iritsi ziren Kaliforniara eta eskualdeko abeltzaintza eta nekazaritza sektoreei hasiera sendoa eman zieten. Euskaldunak ongi egokitu ziren lurralde berrira eta negozio oparoak sortu zituzten: abeltzainak ziren, ostatuen ugazbak, negozioen eta lurren jabeak eta langile finak hainbat sektoretan”.
Baserri giroan sortutako auzonalak “talderako joera” ekarri izan du, eta diotenez, “euskaldunek ez zituzten ohitura horiek ahaztu Kalifornian”. Hala, horiek gaur egungo hango euskal kulturaren bilakaeran ere eragina izan du.
Euskal Herria Museoak lagunarteko gosariekin eta ibilbide botaniko gidatuekin jarraituko du aurten ere. Hala, herritarrek euskal ondareaz gehiago jakiteko aukera izango dute uztailean zein abuztuan.
Iaz egin legez, aurrekoten modura, lagunarteko gosariak baliatuko dituzte museoko ondareaz berba egiteko; lau saio prestatu dituzte aurtngorako, eta lehengoa izango da biharkoa. 11:00etan, museoko lorategian bilduta, museoaren bildumako pieza bat aukeratu eta horren izanaz, balioaz, zergaitiez eta aberrez berba egingo dute. Hurrengo saioak uztailaren 26an, abuztuaren 2an eta 9an izango dira. Saioak doakoak dira.
Bihar arratsalderako bestelako jarduera bat ere prestatu dute: ibilbide botaniko gidatua. Bizkaikoa sareko museoak Alegria Jauregiaren kanpoaldean duen lorategira bisita gidatua egiteko aukera izango dute herritarrek. Era berean, Europako Parkean dagoen lorategia ere bisitatuko dute. “Bidean, udako klimatologiak gure inguruko landaredian daukan eragina azaldu eta erakutsiko du”, zehaztu dute museoko arduradunek.
Iñaki Gonzalo biologoak gidatuta egingo dute ekimena. 18:00etan hasiko da, eta parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du 94 625 54 51 telefonora deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita; ibilbide gidatuaren prezioa bi eurokoa da.