Emakume surflarien topaleku izan da Mundaka
Mundakako Surf Taldeak antolatuta, surfean aritzeaz gain, yoga eta surfskate saioetan batu dira surflariak, eta zuzeneko musikagaz borobildu dute eguna.
Mundakako Surf Taldeak antolatuta, II. Emakume Surflarien Eguna ospatu zuten domekan (uztailak 15), eta bertako eta inguruko udalerrietako 40 bat surflari batu ziren. Gehienak herrikoak eta iaz parte hartutakoak izan baziren ere, lehenengoz parte hartu zutenak ere izan ziren.
Balorazio ona egin dute antolatzaileek: “Denak sartu ziren uretara, eta denok pozik ibili ginen. Oso ondo pasatu genuen, eta oso polito irten zen dena”.
10:00etatik 13:00ak aldera arte txandaka surfean aritu ziren. Izan ere, iaz olaturik egon ez zenez, denak batera sartu ziren uretara, aurten, baina, baldintza egokiak izan dituzte. Adinaren arabera, gaztetxoenetik nagusienetara banatuta aritu ziren. Klubeko kideen laguntza eduki zuten. “Lehenengo txikien taldekoak sartu ziren, gero, 12-15 urte bitartekoak, eta, ondoren, nagusienak, nahikoa autonomoak direnak eurak bakarrik sartu ziren barrara, olatu handietara”. Gustura eta pozik ibili ziren, eta “esperientzia ona” eduki zutela azpimarratu zuten.
Eguerdiko Talako yoga saioan ere jende asko batu zen. “Partaide asko joan ziren yoga egiten; surfistez gain, ume batzuen amek ere parte hartu zuten. Denak oso pozik irten ziren saiotik, oso erlaxatuta”.
Mundakako Surf Taldeak eta arraun taldeak portuan daukaten lokalaren aurrean bazkaldu zuten; surflari eta senitartekoen eta lagunen artean, 100 pertsonatik gora elkartu ziren bazkaltzen. Ondoren, surfskate saioa izan zuten frontoian. Olana urdin bat jarrita, olatua irudikatu zuten, eta umeak skategaz barrura sartu eta “olatuak harrapatzen” ibili ziren: “Oso ondo pasatu zuten denek. Gero, gure babesleen produktuak zozkatu genituen”. Eguna borobiltzeko, 20:30ean Mothertown bikoteak zuzeneko musika eskaini zien.
Aurtengoa eginda, datorren urtekoan pentsatzen hasi dira Mundakako Surf Taldeak. Esan dutenez, “gauza berriak” egiten saiatuko dira.
*Argazkiak: Mundakako Surf Taldea: