280 parte-hartzaile, Kortezubiko Mendi Martxan
Kortezubiko XVI. Mendi Martxa zapatuan [uztailak 15] izan zen, eta beste urte batez, partaideek bi ibilbide egiteko aukera eduki zuten: 20 km-ko martxa luzea eta 10 km-ko martxa laburra.
90 bat pertsonak egin zuten ibilbide luzeena. Hain zuzen ere, izena ematen duten gehienek martxa laburrerako egiten dute, “herrikoiagoa” delako, umeekin eta gaztetxoekin egiteko aproposa.
Gure Arbasoen Herria Kultur Elkartekoek azaldu duten modura, martxa luzerako bi ibilbide dituzte, eta txandakatu egiten dituzte, tontorra aldatzen dute; urte batean Arrolatik egiten dute eta bestean San Migeletik. Aurten Arrolatik egin dute, bien artean, “gogorrena” da, etapa luzeagoa da.
“Uste dugu eguraldi eskasa izatea martxa laburrean igarri zela, umeak dituztenak halako egunagaz ez direlako etortzen”, azaldu dute. Pandemiaren aurreko zifretara bueltatu direlako pozik daude: “Parte-hartze kopurua normala da; pentsatzen dugu pandemiaren ostean kopuruak horrelakoak izango direla, gure neurrian gabiltzanenak behintzat. Anoa postuez gain, amaieran, parte-hartzaile denentzat txistorrak, txakolina, sagardoa etab. egon ziren. Jendea presa barik bertan denbora luzez geratu zen, eta 14:00ak aldera mugitu zen jendea etxerantza”.
Parte hartu zutenak “oso gustura” egon ziren, eta urtero moduan, kamiseta oroigarria ere eroan zuten etxera.
*Argazkiak: Gure Arbasoen Herria Kultur Elkartea