Foru Berriak Bermeon eta Gernikan izan zuen eragin politiko, sozial eta kulturala aztertu dute
Duela 500 urte Foru Berriak Bizkaian izan zuen eragina aztertu dute hainbat adituk Bermeon eta Gernikan.
Duela 500 urte Bizkaian foruek izan zuten eragin politiko, sozial eta kulturalari buruz aritu ziren joan den astean Gernika-Lumoko Batzarretxean eta Euskal Herria Museoan, eta Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EHUk antolatutako XV. eta XVI. mendeen arteko trantsizioa Bizkaian. Politika, lurraldea eta eguneroko bizitza Gernikan eta Bermeon udako ikastaroan sakondu zuten foruen eragin horri buruz.
Bizkaiak XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran bizi izan zuen egoera “berezira” hurbilketa bat egitea zen ikastaroen helburua; izan ere, ordurako, errealitate politiko berria zegoen Europan, estatuak sortuz eta monarkiak indartzen hasi baitziren. Horren aurrean, Bizkaiak “erantzun eta moldatu” beharra izan zuela adierazi zuten adituek, eta garai horrek lurraldean izan zuen eragina aztertu zuten, fokua Gernika-Lumon eta Bermeon jarriz, baina Europa osoan eragin zuena alde batera utzi barik.
Besteak beste, ondare historikoaren zabalkundean lan egitearen garrantzia azpimarratu zuten, tokiko eta eskualdeko historia ezagutzeko eta ondare hori hezkuntzara eroateko beharra nabarmenduz.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak zabaldu zituzten unibertsitateko zein hortik kanpoko ikasleei, irakasleei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza saioak. Gero, “ospe handiko” dozena bat hizlarik parte hartu zuten, tartean Asier Romerok, Mikel Manzisidorrek edota Elena LLorentek.
Udako ikastaroa iaz Ercillatarren familiaren testuingu historikoa aztertu zuen ikastaroaren jarraipena izan da. “Oraingoan, lurraldearen foru nortasunaren garrantzia –politikoa, soziala eta kulturala– eta gure nortasun politiko zein juridikoa ezartzen jarraitzen duen Bizkaiko historiako une garrantzitsuenetako bat aztertu dugu. Indar berriak sendotzeko unea izan zen, Foru Zaharra (1452) Foru Berria (1526) izenaz ezagutzen denera egokitzekoa”, azaldu zuten. Hiru urte barru beteko dira 500 urte testu juridiko hori onartu zenetik.