Ezustekorik barik hasi dute Gernikako Grand Slama
1. jardunaldian, A multzoan Xabi Barandikak eta Jon Zabalak Urko Lekerikari eta Thibault Basqueri irabazi diete, eta B multzoan, berriz, Jean Olharanek eta Unai Lekerikak lortu dute garaipena, Aaron Gonzalez de Matauren eta Imanol Lopezen kontra.
Gernikako Grand Slama zapatu gauean (uztailak 15) hasi zuten, “ikusmin handiagaz”. Eraman enpresakoek jakinarazi dutenez, ia 600 bazkide egin dira seigarren edizio honetarako, “sekula baino gehiago”, eta goi mailako puntistek ez zieten hutsik egin lehen jardunaldi horretan.
A multzoan Xabi Barandika gernikarrak eta Jon Zabala markina-xemeindarrak 15 eta 7 eta 15 eta 9 nagusitu zitzaizkien Urko Lekerika gernikarrari eta Thibault Basque bidartarrari. B multzoan, berriz, Jean Olharan pauetarrak eta Unai Lekerika gernikarrak 15 eta 12 irabazi zizkieten bi setak Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarrari eta Imanol Lopez zumaiarrari.
Biarritzen Olharani eta Unai Lekerikari irabazita heldu ziren Barandika eta Zabala. Urko Lekerikak eta Basquek hainbat huts egin zituzten lehenengo setean, baina, bigarrenean hobeto aritu ziren. Partiduaren azken zatira bederatzina puntuko berdinketagaz ailegatu ziren, baina Barandikaren oldarraldiagaz, gorriek sei puntu jarraian lortu zituzten. Hain zuzen, gernikarrak esan moduan, “ez erlaxatzea” da erronka, eta ligaxkan ahalik eta puntu gehien pilatzeko helburuari begira, garaipen garrantzitsua lortu zuten.
Gaueko bigarren partiduan, Unai Lekerika etxeko puntistak konfiantza berreskuratzeko eta erritmoa hartzeko balio dion garaipena eskuratu zuen. Izan ere, hiru astez lehiatik kanpo egotera behartu duen lesiotik bueltan, hiru partidu jarraian galdu zituen, Markina-Xemeinen, Biarritzen eta Donibane-Lohitzunen. Bestalde, txapelketa hasi baino ez dute egin, eta Gonzalez gazteak eta Lopez beteranoak lehen jardunaldia 2 eta 0 galdu bazuten ere, finalaurrekoetan sartzeko aukerak izan badituzte.
Gazteen aldeko apustua egin dute aurtengo Gernikako Grand Slamean, eta horietako bat da Gonzalez. Gasteiztarra aurrelari indartsua da, eta hutsegite asko egin barik, jokaldi txukunak burutu zituen: sakean asmatu, zuzentasunez erreboteatu, eta errebesean pilota ondo atzeratu zuen. Zuhur eta egoki aritu zen, zuzen. Halako txapelketa handien mailan jokatzera ohituta ez badago ere, patxadatsu agertu zen kantxan, ez zitzaion urduritasuna igartzen, eta, zortzi puntu lortu zituen.
2. jardunaldia. Abuztuaren 12ra bitartean lehiatuko dute Gernikako Grand Slama, zapatuetan. Aste honetan, baina, zapatuan beharrean, barikuan (uztailak 21) lehiatuko dute ligaxkaren 2. jardunaldia.
A multzoan, Urko Lekerikak eta Basquek Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren eta Mikel Manzisidor mutrikuarraren kontra jokatuko dute. B multzoan, berriz, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Julen del Rio gasteiztarrak Aaron eta Lopez izango dituzte aurkari. Del Riok Mexikoko frontoian lehiatu duten torneoa irabazi berri du, Benetrixekin bikotea osatuta; Laloo eta Manziren kontra lehiatu zuten finala.