Aitor Esteban: "Madrilera goaz gure autogobernua defendatzera"
EAJren 'Euskadiren ahotsa gira'-k Bermeon egin zuen geldialdia atzo.
“Madrilera goaz autoritarismoari eta Voxen olatu mehatxatzaileari aurre egitera, beti egin izan dugun moduan. Populismoari maskara kentzera. Gure autogobernua defendatzera. Gure autonomia murriztu nahi duten legeei ez esatera. Eta argi baino argiago esango dut: gu izan gara euskal autogobernua lege proiektuekin egin nahi ziren eraso etengabeetatik defendatu dugun bakarrak”, esan zuen atzo Euskal Taldearen bozeramaile eta Bizkaiko zerrendaburu jeltzale Aitor Estebanek, EAJren Euskadiren ahotsa girak Bermeon egindako geldialdian.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak Uztailaren 23an EAJk “olatu ona hartzen jakingo” duela nabarmendu zuen, eta “herri gisa aurrera egiteko aprobetxatuko” dutela gaineratu zuen, “Madrilen izango duten posizio onari esker”. Hala, bertaratutakoen aurrean esan zuen Estebanek “ondo baino hobeto dakiela istriborra eta ababorra ezberdintzen”.