Gorefestak ez du hutsik egin
Antolatzaileak "oso pozik" daude jaialdiak izan duen harreragaz. Sarreretatik batutako dirua Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak jasoko du.
Bermeoko uztaileko kultur egitarauan lekua hartuta daukan zinema jaialdia da Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Gorefest jaialdia, eta aurten ere ez du hutsik egin. Ohiko aurpegiak bai, baina aurpegi berriak ere ikusi ziren Nestor Basterretxea areto bete batean. Ateak zabaltzeko ordurako ilara luzea zegoen aretoaren kanpoaldean.
Antolatzaileak “oso pozik” daude jaialdiak izan duen harreragaz. Aurten, gainera, solidarioa zen jaialdia. Sarreretatik lortutako dirua Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak jasoko du. Diotenez, 550 euro inguru batu dituzte gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko sortu zen elkartearentzako.
Zirkua osatzen duten pertsonaiek eta pandemia batek eragindako munduaren amaiera da azken urteetako jaialdiaren ardatz nagusia, eta aurten ere ildo horretatik jarraitu dute. Film laburrak girotzeko, eta horiekin tartekatuta jartzeko elkartekoek sortzen duten istorioko pertsonaiak Nestor Basterretxea aretora bertaratutakoen zain zeuden atsedenaldian; aldarriak ere entzun ziren. “Hildakoak ere izartu genituen bertaratutakoen bisita eskertzeko”.
Gure Ganbara ekimena aurkeztu zuten atzo jaialdiaren bigarren zatian. Gorefestaren 20. urteurrena ospatzeko prestatuta zeukaten ekimena da Gure Ganbara; koronabirusaren pandemiaren eraginez, hala ere, 20. urteurrena ezin izan dute ospatu. Gure Ganbara 13 film laburrez osatutako bilduma izan behar zela azaldu dute antolatzaileek, horietako batzuk, baina, bidean geratu dira, eta atzo bilduma horren baitako zortzi film labur ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Antolatzaileen lagun eta ezagunek egindako lanak dira, eta herritarren arreta piztu dute. Izan ere, jaialdiaren bigarren zatian “inoiz baino jende gehiago” egon dela aipatu dute antolatzaileek; “aurrekoetan, askok lehenengo zatia amaituta alde egin izan dute”.

