Iparragirre Records: musika, beste era batean
Iparragirre Rock Elkarteko zenbait kidek Iparragirre Records izeneko zigilua sortu dute elkarlanean. Musika eszena undergrounda eta autogestionatua babestea da beraien jomuga nagusia.
Egitasmorik berezienak modurik soilenean eta normalenean ernaltzen dira sarritan. Horrelaxe piztu zitzaien Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkarteko zenbait partaideri musika zigilu bat sortzeko harra. Jokin Ansotegi elkartekideak azaldu du bere ateak oraintsu zarratu dituen Ospa taberna izan zela, «beste hainbestetan legez», proiektuaren hastapeneko epizentroa: “Mikel Fidalgo Iparragirreko kideagaz solasean hasi nintzen, eta biok elkarte barruan zerbait desberdina egiteko gogotsu ginela kargutu ginen”.
Iparragirre, entsegu lokalen gune eta kontzertuetarako areto “soil” izatetik, beste arlo batean murgiltzera igaro behar zela pentsatu zuten adiskideek. “Jendeak uste du gutxi batzuek negozioa egiteko kontzertu aretoa dela, eta hori ez da inondik inora egia: elkartekideok modu boluntarioan behar egiten dugu, irabazi asmo barik, tokiko musikaren, musikazaleen eta musikarien alde”.
Kausa horiek buruan edukita, konturatu ziren etxeko zenbait talde –Agur, The Riff Truckers zein Tooth–, 2023an albumak kaleratu berri edo kaleratzekotan zeudela. Beraz, talde horiekin hartu-emanean ipini ziren. Ez ziren sasoiz heldu: Agurrek jadanik fabrikara bidalita zituen diskoak. Edozelan ere, zigilu batean “etxekoak ez diren lanak” ere egon daitezkeenez, beren lanen ale batzuk erosi zizkieten, Iparragirre Records izeneko zigilua martxan jarriz eta taldeon lana babestuz. The Riff Truckersek, gainera, Mustang lan berriaren zenbait ale zigiluari eman egin zizkion. “Denok argi genuen zigilua babesteak joan-etorriko mesedeak dakartzala; azken batean, hurrengo lana plazaratzeko orduan zigilua azpiegitura benetan lagungarria da taldeentzat”.
Zigiluak kaleratutako lehen lana Toothen ‘Errautsetatik’ izeneko albuma da
Martxoan, elkarteko beste talde bategaz, Toothegaz, harremanetan ipini ziren, Errautsetatik album berria zigiluaren izenpean kaleratzeko. “Baiezko borobila” jaso zuten. Proiektua martxan zegoen. Ilusioa eta lanerako grina, beharrezko osagaiak, mahai gainean zeuden. Finantziazioaren inguruan galdetuta, Ansotegik argitu du “koltxoi txiki bat” egitea lortu zutela Toothek bere lana Agurregaz batera Iparragirren aurkeztu zuenean, iragan maiatzean: “Kontzertuetarako sarrera borondatea zen, zigiluaren sorrerara bideraturik; jendeak ondo erantzun zuen”.
“Hau ez da negozio huts bat”. Zigiluaren sortzaileek argi eta garbi dute ez dihardutela lanean diruagatik. “Zelanbait, musika eta kultura militantzia kontua da”, dio gernika-lumotarrak. Zigilu baten kudeaketa ogibide legez edukitzea “kontu oso gaitza”» da: «Autonomoa bazara edo zigilua bera oso potoloa eta mainstream-a bada, badago dirua ateratzerik. Edozelan ere, elkartekideok guztiz bat gatoz Iparragirre Recordsen noranzkoa zehazterakoan: Zigilu hau ez da negozio huts bat, maitasunetik eta xumetasunetik egindako egitasmoa baino”.
Jokin Ansotegi: “Asko edan dugu Beasaingo XCementeriox zigiluaren lanetik; pila bat gustatzen zaigu beraien beharrerako moldea
Izen handien gainetik, musika elkartearen habitatera, undergroundera, jo dute, zigilua sortzerakoan: “Esate baterako, asko edan dugu Beasaingo XCementerioX zigiluaren lanetik. Umiltasunez funtzionatzen dute, oso hurrekoak dira, eta pila bat gustatzen zaigu beraien beharrerako molde hori”. Hain zuzen ere, zigiluaren eta bertan ari diren partaideen filosofiari buruz, Ansotegik dio autogestioa dela beren zutabe nagusia. “Argi dugu bai zigilu barruko kide aktiboek, bai beraien lanak izen horregaz argitaratzen dituzten taldeek, zelan edo halan, baldintza jakin batzuk bete behar dituztela. Horietako esanguratsuena, inongo zalantza barik, lanerako prestutasuna da”.
Auzolana elkartearen oinarria izan da eta da egun eta, horrenbestez, oso presente dute inglesezko do it yourself pentsamoldea: “Zigiluagaz behar egiteko, aktiboa izan behar da, ekarpenak egiteko jarrera eraikitzaile hori eduki beharra dago. Guk ez dugu gura jendeak proiektu hau Iparragirre barruko taldeen denda legez ulertzerik, elkartean sortu den espazio, ekimen eta dinamika berri bat bezala baizik”. Iparragirre Records “finkatze eta egonkortze egitasmoa” dela azpimarratu du Ansotegik; elkartearen ibilbidean “urrats handi bat aurrera” eman dutela eta emango dutela ere bai. “Proiektuaren nondik norakoak elkartekide guztiei azaldu genizkienean, denek begi onez hartu zituzten; aho batez onartu zen eta ulertu zen partaide denentzat onuragarria dela, gaur arte ez baita tankerakorik egin”.
“Etxekoa ez den talderen baten lana kaleratzea izango da zigiluaren hurrengo erronka
Mugak zabalduta, Euskal Herriko hainbat musika eta kultur elkartegaz erlazio “bikaina” duten arren, zigiluaren sorrerak lokarri horiek “are gehiago” estutu ditzakeela uste du Ansotegik: “Bermeoko Nuntxaku edota Hondarribiko Psylocibe elkarteekin anai-arrebatasun estuak lotzen gaitu. Egitasmoak jende, elkarte eta lanerako modu berriak ezagutaraztera eroan gaitzake; hori ere gauza polita da elkartekideontzat”. Hurrengo ekoizpenei begira, gainera, “etxekoa ez den talderen baten lana kaleratzea” daukate ortzimugan: “Oraindik ezin dugu gauza handirik aurreratu uda ostera arte, baina bai argi utzi Iparragirre Records ez dela beren-beregi etxeko taldeetara mugatuko den zigilua”.
Musikaren ingurukoa da proiektu guztia, baina “beste era batera” ulertuta: eredu hegemonikoetatik urrun. Zigiluaren bidea hasi besterik ez da egin. Asko dago egiteko. Lan handia dago aurretik. Baita proiektu erakargarriak ere. Iparragirre Records taberna batean jaio zen, baina errealitatea da jada. Eta geratzeko etorri da.