Gorefest solidarioa, bihar
'Gure Ganbaran' ekimenaren parte diren zortzi film labur ikusteko aukera egongo da ohiko film laburren emanaldiaren ostean. Sarreretatik lortutako dirua Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari ematea erabaki dute.
Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Gorefest jaialdia iritsi da, eta biharko [uztailak 14] jarri dute hitzordua; 20:30ean, Nestor Basterretxea aretoan. Urtero legez, film laburren eskaintza zabala dakarte, “inoiz baino film labur gehiago”, gainera. Izan ere, aurten, ohiko film laburren emanaldiaren ostean, Gure Ganbaran ekimenaren parte diren zortzi film laburren “emanaldi berezia” jarriko dute, 23:00ak aldera hasita. Jaialdia, gainera, solidarioa izango da, sarreretatik lortutako dirua emango baitute.
Gure Ganbaran ekimena Gorefestaren 20. urteurrena ospatzeko “jaialdi berezi batean” aurkeztea zen Spookypheria Productions elkartearen asmoa, baina koronabirusaren pandemiaren eraginez, 20. urteurrena ez zuten ospatu. “Pandemiak aldaketa asko ekarri ditu. Hori dela eta, ekimen honen parte ziren proiektu batzuk bertan behera geratu dira, ulergarria ere bada. Baina, proiektu horretarako sortutako zortzi istorio labur ikusi ahalko ditugu bihar”, azaldu dute antolatzaileek. “Entretenimenduz betetako ordu bat” inguru izango dela aipatu dute. Antolatzaileen lagun eta ezagunek egindako lanak dira, eta, horregatik, biharkoan herriko izen eta aurpegi ezagun asko agertuko dira Nestor Basterretxea aretoan.
Spookypheria Productions elkartearen asmoa zen istorio laburren bilduma hori DVD batean argitaratzea, eta salmentatik lortutako dirua Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari ematea. DVDa aterako ez dutenez, pentsatu dute aurtengo jaialdiko sarrerekin lortutako diru guztia gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko sortu zen elkarteari ematea, “jatorrizko ideiari ahalik eta modu zintzoenean erantzuna emateko”.
Hala, terrorea, gorea, suspensea eta umore ona gustuko duten horiek hitzordua daukate bihar; 5 euroko sarrera ordaindu beharko da, eta sarrerak bihar bertan erosi daitezke Nestor Basterretxea aretoan, jaialdia hasi baino ordubete lehenago hasita.
Ohiko film laburren emanaldia:
1. La nueva. Ivan Villamel
2. Carnivoro. Lander Castro
3. The 6 Relics of Helena Mason. Joseph Diaz
4. Caraoscura. German Sancho & Raul Cerezo
5. Ni a sol ni a sombra. Talia Hernando
6. Iago y Tristan. Miguel Ibañez Monroy
7. Influencer. Nerea Torrijos
8. Superjodidos. Gaston Haag
9. Turno de noche: el lugar equivocado. Juanjo Avi, Jose Casas & Agus Lamson
10. El padrastro. Jose Casas
Gure Ganbara:
1. Casting. Fernando Martinez – Spookypheria Pructions
2. Otsoa. Txaber Miravalles
3. Sisifo. Markel Goikoetxea
4. La costurera. H Factory-dxe
5. Inhumano. Iñigo Atxa – Spookypheria Pructions
6. Despierta. Allan J. Arcal & Inge SD
7. Agorafobia. Miriam del Prado
8. Mundu berri bat. Mikel Alvarez – Katihotsak Logia