Folkloreak eta organoek bat egingo dute Urdaibaiko Organoen zikloan
Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloak musika eta euskal folklorea uztartuko ditu etzitik abuztuaren 15era arte. Herriz herriko emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.
Organoen doinuei txistuenak, trikitixenak, txalapartenak, gaitenak, dultzainarenak eta zarrabetearena gehituko zaizkie aurtengo Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloan. Izan ere, folkloreak, euskal doinuek eta organoek bat egingo dute etzi hasi eta abuztuaren 15ean amaituko diren 12 emanaldietan; guztira Busturialdeko zortzi herritan eskaini dituzte kontzertuak 20:00etan hasita. Mundakan hasi eta amaituko da kontzertu zikloa, eta bidean, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Busturian, Bermeon, Arratzun, Kortezubin eta Gautegiz Arteagan egingo dituzte geldialdia.
Benantzi Bilbao zikloaren koordinatzaileak dio instrumentu folklorikoei balioa eman gura ziela aurtengoan: “Urtero hartzen dugu gai bereziren bat protagonistatzat; iaz, arte eszenikoak izan ziren, eta aurten folklorea. Instrumentu folklorikoak sartu ditugu zikloan. Badakigu batzuk falta direla, baina asko dira ekarri ditugunak”.
Horiek horrela, Bilbaok dio musikariei eskatu dietela euren musika euskal musikagaz uztartzeko euren obretan. “Orain arte, programa libreak izan dira beti, baina aurten eskatu dugu folklore instrumentuak sartzea, baita euskal musikari erreferentzia egitea ere”, azaldu du. Hala ere, onartu du instrumentu folkloriko gehienak ezin direla nahastu organoekin, “instrumentuek afinazio desberdina dutelako edota ez delako literatura musikalik lortzen”. Ondorioz, uztartuko dituzte, baina beste era batera: batzuetan kontzertuen aurretik, atzetik eta erdian eskainiko dituzte emanaldiak, eta beste batzuetan, organo jotzaileekin bat egingo dute.
Lumoko San Pedro elizan, organo jotzaile bik eskainiko dute kontzertua, eta horietako bat da Mikel Ansola lekeitiarra.
Busturian, abuztuaren 6an, kontzertu aurretik eta atzetik EinGo taldea ariko da, eta aurten, lehenengoz, kontratenoreak eskainiko du kontzertua: “20 urtetan ez dugu izan kontratenorerik. Izan ditugu sopranoak, tenoreak, baritonoak, baxuak… baina kontratenorerik ez, eta gainera, lekeitiarra izango da: Uskola”.
Mundakako azkena ere berezia izango da, zarzuelaren eta operaren arteko musikari erreferentzia egingo baitiote.
Berritasunak ere badaude zikloan, izan ere, film bat ere proiektatuko dute Gernikako Andra Mari elizan: El mayorazgo de Basterretxe. Gainera, Cristina Alberolak ere dantza egingo du Mundakako azken saioan.
Hala, musika eta ondareak bat egingo dute kontzertu zikloan, eta Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko zuzendariak kontzertu zikloak eskualdeko bizilagunei eskaintzen dien “kultur aberastasuna” nabarmendu du: “Europa mailan antolatzen den organo jaialdi garrantzitsuenetako bat da. Iazko zikloa arrakastatsua izan zen, eta aurten, Busturialdean ditugun altxor hauek zaintzen eta mantentzen jarraitzeaz gain, beste urrats bat emango dugu, jaialdiak duen publiko leiala ezustekoan harrapatzeko”.
Leire Irazabal Euskal Herria Museoko zuzendariak dio kulturak gure gizartean duen garrantziaz jabetzeko balio duela zikloak. “Musika eta euskal folklorea batzen dituen jaialdia izango da, bai, baina ondarea eta artea ere uztartuko ditu, ikusleak erakarriz”, adierazi du. Izan ere, bere ustez, zikloak hainbat onura dakarzkio eskualdeari: ”Ondare instrumentala berreskuratzeaz eta balioesteaz gain, eskualdeko jarduera ekonomiko eta kulturala dinamizatzen dugu, eta udako eskaintza ere aberasten dugu, besteak beste”.
Kortezubin harmoniuma
Bilbaok jaialdiari esker urtez urte egiten diren zaharberritze lanen garrantzia ere azpimarratu du. Aurtengo edizioan, esaterako, Kortezubiko Elizako harmoniuma (1980) abuztuaren 5ean entzun ahal izango da berriro, eraberritze lanak amaitu eta gero. «Instrumentu horiek zaharberritzea funtsezkoa da gure ondarea mantentzeko, izan ere, kasu askotan, udalerri edo eliza horiek ez lirateke instrumenturik eskuratzeko gai izango», azaldu du.
Gainera, kulturak “bultzada” bat behar duela eta organoak “berreskuratzeko betebeharra” daukatela dio, ”Europako eskualde batzuek egin duten modura”. Gainera, azpimarratu du nazioarteko espezialista onenetariko bat etorriko dela Kortezubiko harmoniuma jotzera: Alberto Pozzaglio.
Gainera, urtero egiten duen aldarrikapena egin du oraingoan ere. Izan ere, Muxikako organoa konpondu gura du: ”Gure asmoa da Muxikako organoa konpontzea. Bertan dago Bizkaiko organorik garrantzitsuena. Bizkaian sei organo barroko bakarrik daude, eta horietako lau mutu daude. Eta hori ezinezkoa da. Horietako bat, handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da Muxikakoa, eta isilik dago. Hori ezineskoa da. Lortu egin behar dugu hori konpontzea, jotzea eta erabiltzea”.
EGITARAUA
Zapatua,uztailak 15
Mundaka. Pavao Masic (organoa) eta Idoia Anzorandia, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi (bertsolariak), Andra Maria elizan.
Domeka, uztailak 16
Ibarrangelu. Pablo Marquez (organoa) eta Martin Laka, Manuel Angel Ziluaga eta Maiteder Olano (dultzainak eta tanborra), San Andres elizan.
Uztailak 23, domeka
Gernika-Lumo. Mikel Ansola eta Johannes Friederich (organoa lau eskutara), Lumoko San Pedro elizan.
Uztailak 24, astelehena
Kortezubi. Alberto Pozzaglio (armonioa), Santiago Apostolua elizan.
Uztailak 25, martitzena
Gernika-Lumo. Tomeu Mut (organoa), Errenteriako San Bartolome-Mertzede parrokian.
Uztailak 26, eguaztena
Busturia. Gustav Auzinger (organoa) eta Gorka Bravo (zarrabete), Axpeko Andra Maria elizan.
Uztailak 31, astelehena
Gernika-Lumo. Ana Belen Garcia (organoa) eta Thierry Biscary (ahotsa eta perkusioa), Andra Mari elizan.
Abuztuak 5, zapatua
Arratzu. Olivier Schmitt (armonioa), Gentzane Fernandez (panderoa), Ander Trabadua (trikitixa) eta Alberto Marcos (alboka), Santo Tomas elizan.
Abuztuak 6, domeka
Busturia. Benantzi Bilbao (organoa), Mikel Uskola (kontratenorea) eta Egingo Taldea (trikitixa, panderoa, alboka eta bonbo), Axpeko Andra Maria elizan.
Abuztuak 11, barikua
Bermeo. Davide Zanasi (organoa) eta Kankinkabara Txistu Taldea, San Frantzisko elizan.
Abuztuak 12, zapatua
Gautegiz Arteaga. Javier Saez (organoa), Andra Mari elizan.
Abuztuak 15, martitzena
Gernika-Lumo. Benantzi Bilbao eta Javier Artigas (organoa lau eskutara) eta Cristina Alberola (kastainetak), Andra Mari elizan.