"Egoera onean" dago antxoa
AZTIren 2023ko Bioman kanpainak behin-behineko emaitzak aurkeztu ditu, espeziearen iraunkortasuna bermatzeko eta haren egoera ona baieztatzeko. Antxoak "egoera onean" jarraitzen duela ondorioztatu dute: 143.000 tona Bizkaiko golkoan.
143.000 tonakoa da antxoa helduaren behin behineko biomasa Bizkaiko golkoan. Zifrek espeziearen “egoera ona eta iraunkortasuna” bermatzen dute, espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko balioa (21.000 tona) baino “askoz handiagoa” baita aurreikusitakoa.
AZTI zentro teknologikoko ikerlariek ontzi ozeanografiekoetan maiatzean jasotako lagina aztertu ondoren aurkeztu dituzte emaitzak. “Aurtengo Bioman kanpainaren biomasaren zenbatespena bataz besteko historikoaren (75.000 tona) oso gainetik dago, eta erreklutamendu handia erakusten du seriearen ehuneko historikoekin alderatuta”, azaldu dute adituek. Diotenez, antxoa bizitza laburreko espeziea da, hiru urte inguruz bizi da, eta erreklutamenduaren (urtebeteko aleak) egoeraren araberakoa da datua. “Horregatik, urtebeteko aleen kopurua horren altua izateak bere egoera ona baieztatzen du”, azaldu du Maria Santos AZTIko arrantza kudeaketa iraunkorreko adituak eta Bioman kanpainaren koodinatzaileak.
Hala ere, ikertzaileak ohartarazi du 2024ko erreklutamendua aurreikusi ahal izateko, Juvena kanpainaren emaitzak itxaron beharko dituztela. Kanpaina horretan kalkulatzen da aurtengo maiatzean jaio diren antxoen zenbat ailegatzen diren heldu izatera udazkenean: “Ingurumeneko eta ekosistemako hainbat faktoreren mende dago hori; hala nola, tenperatura, elikagaien eskuragarritasuna edo harraparien presentzia”. Behin betiko zifra urte amaieran lortuko dute Bioman kanpainatik lortutako datuekin, eta Juvena eta Pelgas kanpainen eta arrantza flotaren harrapaketen azterketa bateratutik abiatuta.
Itsasoen iraunkortasunaren aldeko apustua.
Bioman kanpainak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun sailaren eta Europako Batzordearen finantzaketa du, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde eta AZTIko presidente Bittor Orozek nabarmendu du antxoa dela Bizkai, Araba eta Gipuzkoako arrantzarako “funtsezko baliabidea” eta gure “ekonomiaren elementu dinamizatzailea”. Horregatik, bere ustez, Bioman kanpaina “funtsezko tresna” da itsasoen eta horiek ematen dituzten baliabideen egoera ezagutzeko eta ingurumena zaintzeko: “Euskal arrantza sektorearen iraunkortasunerako eta Kantauri itsasertzaren kontserbaziorako dugun konpromisoaren barruan kokatzen da”.
Orozek dio, 2016az geroztik, Bioman kanpaina ikuspegi ekosistemikoarekin egin dela, “aldakortasun naturalak eta klima aldaketak arrantza baliabideei zelan eragiten dien aztertzeko”. Horrela, espeziearen biomasa zenbatesteaz gain, beste faktore batzuetan ere jarri dute arreta, hala nola, antxoaren elikagaian, azken hamarkadetan gora egin duelako. Gainera, harraparien zein beste itsas organismo batzuen, gizakiaren jardueren, itsas hondakinen edo fenomeno meteorologikoen presentzian, ugaritasunean eta portaeran.