Maumeko Erdi Aroko galtzada berreskuratzen ari dira auzolandegiko gazteak
Aurten, bigarrenez antolatu dituzte auzolandegiak Ibarrurin, eta Maumeko Erdi Aroko galtzada berreskuratzeko lanean ari dira parte hartzaileak.
Leku askotako gazteak biltzen dira Auzolandegietan, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso barik, aldi batez elkarregaz bizi eta gizarte osoagaz zerikusia duen proeiktu batean parte hartzeko. Aurten, bigarrenez antolatu dituzte auzolandegiak Ibarrurin, eta Lekeition ere egingo dituzte, datorren astetik aurrera.
Ibarrurin uztailaren 1etik 31ra bitartean ariko dira gaztetxoak, bi txandatan banatuta; lehenengo txandakoek domekan amaituko dute, eta astelehenean ailegatuko dira bigarrenekoak. Lanean ari diren lehenengo txandakoak euskaraz baino ez dira ari, eta Hego Euskal Herriko lurraldeetako gazteak parte hartzen ari dira bertan.
Era ezberdinetako jarduerak “era sortzailean eta elkarlanean” egitea dute helburu auzolandegiek, “aisialdi konbentzionala alde batera utzita”. Nekazal inguruneak zein sorterri ezberdinetako pertsonen kulturak eta ohiturak ezagutzeko balio dute, baita taldean bizitzeko esperientziak bereganatzeko ere.
Gizarte proiekzioko lana egitea bultzatzen dute beraz, eta, Ibarrurin, iazko lanari jarraipena emango diote Maume ingurua berreskuratuz. Inguruaren balio soziala eta historikoa berreskuratzera bideratu dute auzolandegietako parte hartzaileen lana, eta, beraz, mendeetan zehar lokalek eta merkatariek erabilitako Maumeko Erdi Aroko galtzada berreskuratzen ari dira. “Iaz berreskuratu zuten, eta aurten ere ingurua txukuntzen ari dira gazteak”, adierazi du Begoña Enbeita alkateak. Esan du “iaz gauza oso politak” aurkitu zituztela bertan, eta aurten jarraipena emango diotela horri: “Maumeko galtzadaren harria berreskuratu zen iaz, eta harri berezi batzuk aurkitu ziren bertan, aska itxurakoak edo, arkeologoek diotenaren arabera animaliek ura edateko erabiltzen zituztenak”.
Gainera, arkeologoek aztarna “asko” aurkitu zituztela diote, “gurdienak edo”. Izan ere, jasota dago bide hori Ardoaren eta Arrainaren bidea zela, merkatariek euren merkantziak alde batetik bestera eroateko erabiltzen zutena: “Bide horretatik sartzen ziren Urdaibaira. Lehen esaten zuten galtzada erromatarra zela, baina frogatu da erromatar garaikoa barik Erdi Arokoa dela, eta salerosketak garraiatzeko erabiltzen zela”.
Denboraren poderioz, merkatariek garraoibide gero eta astun eta handiagoak erabiltzen zituzten, eta bide hori ez zen nahikoa. Hala, mendi bide berri eta zabalago bat egin zuten, beherago: “Antzinako bidea ez zen nahikoa deforestaziorako, eta mendi-bide handiago bat egin zuten beherago, kamioiak igarotzeko modukoa”. Ondorioz, bide hori “baztertuta” geratu zen, “txikia zelako, leku onetik igarotzen ez zelako eta harrizkoa zelako”.
Gaur gaurkoz, Erdi Aroko bidearen zati bat baino ez da geratzen, gehiena “suntsituta” geratu zelako. Auzoladegietan bide hori txukuntzen eta babesten ari dira, eta lana amaituz gero, Maumetik Oizerantz joango dira, mendirantz doan partea garbitzen joateko. “Aurrerago, burdindegia bera eta burdindegiko zubia garbitzea da asmoa, baina baimena beharko dugu horretarako”, zehaztu dute arduradunek.
Iazko auzolandegien “balorazio positiboa” egin dute, “behar oso polita” egin zutela esanez, eta aurtengo lehen taldeagaz ere “oso pozik” daude. Gaineratu dute egonaldia Gorozikako aterpetxean egiten dutela, eta ingurua ezagutzeko ibilaldiak eta denetariko jarduerak ere egiten dituztela.
Auzolandegiek, beraz, bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea eta kulturarteko ikaskuntza dute oinarrian, eta hori sustatzen ari dira Ibarrurin.