Lau kategoriagaz dator Eako Pala Txapelketa
IV. Eako Binakako Pala Txapelketa zapatuan hasiko [uztailak 15] dute, eta ligaxkaren partiduak abuztuaren 15era bitartean jokatzea aurreikusi dute. Finala, berriz, irailaren 2an lehiatuko dute.
Aurrekoetan ez bezala, lau kategoria daude; izan ere, bikote mistoen kategoria ere badago aurten. Gainontzekoak emakumezkoen, gizonezkoen eta umeen kategoriak dira. Gizonen eta emakumeen kategorietan launa bikotek izena eman dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Finalaren eguna zehaztuta badago ere, izena emandakoen artean adostuko dute txapelketaren partiduen egutegia, hau da, bikoteen artean erabakiko dituzte partiduen egunak eta orduak.
Palari bultzada bat ematea da antolatzaileen asmoa. “Ikusten da gazteek gero eta gutxiago jokatzen dutela, eta, oro har, neskek ere ez dute jokatzen. Txapelketa antolatzen dugu jendea animatzeko, kirol hau ez galtzeko. Umeak, adibidez, erraketekin ikusten ditugu frontoian, baina palekin ez dute jokatzen. Emakumeen parte hartzea ere bultzatu dugu, umeek emakumeek ere jolasten dutela ikustea nahi dugu”, azaldu du Ane Agirrek. Bertakoei ez ezik inguruko udalerrietakoei ere luzatu diete gonbidapena; izan ere, aurreko urteetan Elantxobekoek, Ibarrengelukoek eta Ispasterkoek ere parte hartu izan dute, eta aurten ere elantxobetarrak daude izena eman dutenen artean. “Herri desberdinetako jendea animatuta politagoa izaten da”.