Idurre Bideguren: "EH Bilduk uraren kudeaketa publiko, ekologiko eta soziala defendatzen du"
Bermeoko portuan politika klimatikoez aritu dira Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua eta Idurre Bideguren senataria gaur goizean. Atzo arratsaldean, EH Bilduk ekitaldia egin zuen Mundakan.
Bermeoko portua aukeratu du EH Bilduk politika klimatikoez aritzeko. Bere sorterrian Bidegurenek aipatu du Busturialdeko bizilagunek “uraren pribatizazioaren ondorioak pairatzen dituztela lehen pertsonan”. Zentzu horretan, EH Bilduk “uraren kudeaketa publiko, ekologiko eta soziala defendatzen” duela gogorarazi du: “Guztiz beharrezkoa da trantsizio energetiko eta ekologiko bati ekitea, irizpide justu eta demokratiko batzuen gainean”.
Matutek, berriz, klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzko lege berrien beharra dagoela azpimarratu du, “asmo handiagokoak, sektore pribatua barne hartzen dutenak, 2030erako karbonoa kentzeko eta isurketak murrizteko helburuak handitzeko”. Gaineratu du EH Bilduk konpromisoa hartzen duela “larrialdi klimatikoa eta trantsizio energetikoa euren ekintza politikoaren ardatz gisa jartzeko, udal bakoitzetik parlamentu guztietara, baita Madrilera ere”.
Atzo [uztailak 11] arratsaldean EH Bilduk ekitaldia egin zuen Mundakako plazan; bertan izan ziren Idurre Bideguren eta Jasone Agirre. Mezu argia helarazi zuten: “Uztailaren 23an beste gau magiko bat biziko dugu. Egindako lanaren bermea eskaintzen dugu. Zintzotasunez lan egiten jarraituko dugu, eta irain, guzur eta errespetu falten aurrean, gu gurera”.
Gaur arratsaldean, berriz, Bermeoko Lameran daukate hitzordua, 19:00etan. Bidegurenegaz batera, Arkaitz Rodriguez egongo da Bermeon.