Ibarruriko Elizalde auzoko aparkalekuak itxura berria dauka
Aparkaleku berdea egokitu dute Ibarruriko Elizalizalde auzoan. Aparkatzeko lekua izateaz gain, aisialdirako gunea eta umeek jolasteko tokia ere baditu eremuak. Herritarren parte hartze prozesu batean oinarritua diseinatu eta gauzatu dute proiektua.
Hirigintza eredu jasangarri baten aldeko apustua egin du Muxikako Udalak, eta herritarren partaidetza prozesu batean oinarrituta, aparkaleku berdea egokitu dute Ibarruriko Elizalde auzoan. “Aparkaleku berdeen oinarria da ingurugiroari kalte gutxien egiten dioten materialak erabiltzea, lurrak hobeto arnasteko eta klima aldaketaren aurka egiteko”, azaldu du Begoña Enbeita alkateak.
Herritarren beharrizanetan eta auzotarren iritziak kontutan hartuta gauzatu dute 2021ean abiatu zuten proiektua. Izan ere, Ibarruriko zein Kurtzeroko aparkalekuak diseinatzeko parte hartze prozesuak abiatu zituzten orduan, eta herritarren ekarpenak jaso zituzten EHUko arkitektoek; iritzi horien arabera diseinatu dute Ibarruriko aparkaleku berde berria. “Partaidetza prozesu horretan, bertoko auzotarrek diseinatu zuten euren beharrei egokitutako diseinua”, azaldu du alkateak.
Hori horrela, aparkalekuen erabilera askotarikoa izan daitekeela sinistuta, gune bakarrean hainbat ezaugarri batu gura zituzten herritarrek: aisialdirako espazioa egotea, umeentzako gunea izatea, jesarrita egoteko lekua eta iturriak egotea, eta eremuak aparkaleku funtzioa egiten jarraitzea. Ekarpenak jaso eta hala egin dute. “Auzotarrek ez zuten aparkaleku sinple bat egin gura, herritarren topagunea izateko lekua gura zuten. Hala erakutsi zuten parte hartze saioetan egindako marrazkiek. Herritarrengandik datorren proiektua da, eurena da ideia”, azpimarratu du alkateak.
Dioenez, behin diseinua adostuta, udalak erabaki zuen zein material erabili. “Helburua zen ingurumenari kalte gutxien egingo dieten materialak erabiltzea, eta hala egin dugu”, diote udal arduradunek. Hala, aparkalekuaren zoladurak ura drainatzen uzten du, eta uraren zikloa errespetatzen du. “Ura drainatu dezake lurrak, eta ez du uraren zikloa galarazten. Aparkalekuak ez ezik, umeen jolasguneko lurra ere halakoa da”, argitu dute. Gainera, esan dute estetikoki inguruagaz bat egiten zuen diseinua adostu dutela.
Obrak hiru hilabetetan gauzatu dituzte, eta dagoeneko aparkalekua erabilgarri dago. “Obrekin hastea kostatu zen, baina behin hasita, hiru hilabetetan egin dira. Gainera, Ibarruriko ur zikinak batzen dituen kolektorea ere parkean dago, eta saneamenduko obra hori amaitu beharra zegoen aparkalekua egokitzen hasi aurretik”, azaldu dute.
Gehitu dute Kurtzeron ere aparkaleku berdea egin gura dutela, eta herritarren ekarpenak jaso ostean, proiektua eginda dagoela. Obraren kostua ere badaki udalak, eta orain, horretarako finantziazioa lortze da helburua.