Itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzeko iritsi da 'Mater' Bermeora
Aurten ere, 'Zero zabor uretan' kanpaina ekarri du Ontzi Museo Ekoaktiboak. Atzo iritsi zen Bermeoko portura, eta eguenera arte bertan egongo da.
Zero zabor uretan kanpainagaz Euskal Herriko kostaldetik zeharkaldia egiten dabil Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa, itsaso osasuntsu baten alde. Itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzea eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzea dute asmo.
Egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handiak Bilbon hasi zuen uztailaren 4an zeharkaldia, eta Portugaleten geldialdia egin ostean, atzo [uztailak 10] iritsi zen Bermeoko portura, eta eguenera bitartean egitarau zabala eskainiko du. Jarduera guztiak doakoak badira ere, aurretiaz erreserba egitea eskertzen dutela adierazi dute (619 81 42 25/info@mater.eus).
Atzo arratsaldean, Zabor itsas hondakinen munstroa eta Bio Biodibertsitatearen Dama erraldoiak kalejiran ibili ziren. Eurekin batera, KIETB erraldoien konpartsa txikiko Eneko, Izarra, Tartalo eta Olatz erraldoiak ere egon ziren. Arrekatxutxa pandero eta trikitilari taldeak jarri zion musika kalejirari. Lameran egin zuten geldialdia, eta Zabor eta Bio erraldoiekin antzerki bat egin zuten, Lameran zeuden herritarren arreta bereganatuz, batez ere umeena.
Gaur [uztailak 11] goizean, Bermeoko alkate Nadia Nemeh ‘Mater’ ontzira bertaratu da.
Bermeotik, Ondarroarako bidea hartuko du eguenean. Azaldu dutenez, 14:00ak aldera aterako dira Bermeotik.