Gazteen aldeko apustuagaz dator Gernikako Grand Slama
Seigarren urtez, Gernikako Grand Slama lehiatuko dute 12 pilotarik, sei bikotetan eta bi multzotan banatuta, zapatuan hasi eta abuztuaren 12ra bitartean. Puntista gazteak dira aurtengo berritasuna: Urko Lekerikabeaskoa, Mikel Manzisidor eta Aaron Gonzalez.
Puntistarik onenak ailegatuko dira zesta-puntaren katedralera zapatuan. Seigarren urtez, Gernikako Grand Slama lehiatuko dute 12 pilotarik, sei bikotetan eta bi multzotan banatuta, zapatuan hasi eta abuztuaren 12ra bitartean. Puntista gazteak dira aurtengo berritasuna: Urko Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrak Winter Seriesean Tanborindegi ordezkatu eta gero titular modura lehiatuko du etxeko Grand Slama, eta Mikel Manzisidor mutrikuarra eta Aaron Gonzalez gasteiztarra ere onenen artean ariko dira.
Eurekaz batera, esperientziadunak kantxaratuko dira: Xabi Barandika gernikarrak Jon Zabala Bullet markina-xemeindarragaz osatuko du bikotea, Iñaki Osa Goikoetxea Manzigaz ariko da, Thibault Basque Urko Lekerikagaz, eta Aaronek Lopezegaz jokatuko du. Aritz Erkiaga ispastertarrak Julen del Rio izango du lagun, eta Unai Lekerika gernikarrak Jean Olharanegaz jokatuko du. Horiek horrela, Olharan eta Lopezek ez dute titulua errepikatuko, ez dutelako batera lehiatuko.
Finala abuztuaren 12an lehiatuko dute, 21:00etan
Bi multzotan banatu dituzte pilotariak, eta txapelketa bost jardunalditan lehiatuko dute. Lehenengo, ligaxkako hiru partiduak jokatuko dituzte, bakoitzak bere multzokoak, eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara pasatuko dira. Final handia abuztuaren 12an jokatuko dute; partidu guztiak 21:00etan lehiatuko dituzte.
Barandika eta Zabalak Urko Lekerikaren eta Basqueren aurka jokatuko dute zapatuko lehenengo partidua, eta Urkok puntista onenen artean bere maila zein den erakusteko aukera izango du. “Kantxan dena ematea da nire helburua, eta ahalik eta lan onena egiten ahaleginduko naiz”, onartu du aurrelariak. Gernikan uda giroan lehiatzea berezia izango dela dio, gainera: “Pandemia sasoian, publiko barik jolastu nuen Grand Slama, baina orain publikoagaz desberdina izango da. Giro ederra egongo da, eta familia eta lagunak harmailetan egongo dira. Gogotsu nago”. Basque ere gaztea dela dio, baina “esperientzia” daukala eta “indartsua” dela azpimarratu du. Berak, aurrean “beldur barik” jokatu beharko duela badaki, baita aukera duenean errematatu beharko duela ere. Barandika eta Zabala “bikote indartsu” modura deskribatu ditu.
Elkarregaz “oso ondo” konpontzen dira Barandika eta Zabala, eta Barandikak onartu du Gernikako pilotalekua Zabalaren ezaugarrietara ondo egokitzen dela. Bera ere “ondo” ailegatzen da herriko txapelketara, Zumaian irabazi eta Markina-Xemeingo finalerako sailkatu ostean: “Ondo ailegatzen naiz, baina uda hasi besterik ez da egin, eta maila mantendu beharra dago. Gainera, aste honetan lau partidu jarraian lehaitu beharko ditut. Gernikako Grand Slameko lehen partidua izango da, eta garrantzitsua da irabaztea”.
Urko eta Basqueren aurkako “partidu luzea” espero du, eta akats gutxien egiten duenak irabaziko duela dio: “Gure partidua eginez gero, irabaz genezake. Ea Urko zelan dagoen, bere lehenengo txapelketa izango baita titular modura”.
Sarrerak salgai daude, eta dagoeneko 500 bono saldu dituzte
Olharan eta Lekerika bikoteak Aaron eta Lopez izango ditu aurrez aurre zapatuko bigarren partiduan. Lehia “gogorra” izango dela dio Lekerikak: “Partidu gogorra espero dut. 57 metroko frontoian Lopez asko nagusitzen da, eta ez da erraza izango aurre egitea”. Eutsi egin beharko dio atzelari gernikarrak, eta aurrean Olharanek errematatu beharko duela uste du: “Lopez saihestu behar da. Lopezek gero eta pilota gutxiago ikutu, gero eta aukera gehiago izango ditugu irabazteko”.
Gernikako Grand Slamera lesiotik erabat osatuta ailegatuko da Lekerika, sentsazio “gero eta hobeekin”. Hala ere, partidu asko lehiatu beharko ditu denbora gutxian: “Hiru astez egon naiz geldi, eta lesiotik bueltatu naizenetik, aste osoan lau partidu lehiatuko ditut. Ea zapatura zelan heltzen garen”.
Faborito argirik ez.
Faborito argirik ez dauka udako txapelketak, baina Olharan eta Lekerikak osatzen dutena azpimarratu du Erkiagak: “Olharan eta Lekek osatzen dutena da bikote gogorrena. Etxean jokatzen du Unaik, hemen min asko egiten du pilota biziagaz eta Olharan oso aurrelari elektrikoa da”. Lekerikak ere faboritotzat du bere burua; bien artean Gernikako lau Grand Slam dituzte, eta uste du elkar ondo ulertuz gero aurrera egin dezaketela. “Olharanek asko jokatzen du, eta nik ere Gernikan emaitza onak lortzen ditut. Uste dut bion artean ulertuz gero, aurrera hel gaitezkeela”, gehitu du.
Hala ere, bikoteak “orekatuta” daudela dio, eta ez dira ahaztu betiko izen handiez. “Bikoteak orekatuta daudela uste dut. Gazteak zelan datozen ikusi beharko dugu, eurek urduriago egon daitezkeelako. Baina betiko izenak dira faboritoak: Goiko, Lopez eta Erkiaga”, adierazi du Barandikak.
Erkiagak Del Riorekin lehiatuko du, eta ispastertarrak dio finalaurrekoetara heltzea dela euren helburua: “Ez dut beragaz inoiz jokatu, baina gogotsu nago. Oso bikote gogorrak ditugu taldean, baina gure helburua da finalerdietara ailegatzea eta Julen konfiantzagaz heltzea. Partiduetan harreman on bat lortu gura dut, berak lasaiago jokatzeko. Izan ere, kantxa barruan gustura egonez gero, presio gutxiagogaz lehiatuko du”.
Urtez urte markak apurtzen dituen txapelketa da Gernikako, eta dagoenerako 500 bono saldu dituztela adierazi dute. “Gernikan jolastea beti da polita, gu gernikarrak gara, giro asko egongo da, eta bono asko saldu dira. Espero dugu frontoia itxuroso egotea”, esan du Barandikak.
Egutegia:
- Uztailak 15, zapatua. Ligaxkako 1. jardunaldia:
- Barandika-Zabala vs. Urko-Basque (A multzoa)
- Olharan-Lekerika vs. Aaron-Lopez (B multzoa)
- Uztailak 21, barikua. Ligaxkako 2. jardunaldia:
- Goikoetxea-Manzi vs. Urko-Basque (A multzoa)
- Erkiaga- Del Rio vs. Aaron-Lopez (B multzoa)
- Uztailak 29, zapatua. Ligaxkako 3. jardunaldia:
- Barandika-Zabala vs. Goikoetxea-Manzi (A multzoa)
- Olharan-Lekerika vs. Erkiaga- Del Rio (B multzoa)
- Abuztuak 5, zapatua. Finalerdiak
- Abuztuak 12, zapatua. Finala.