Bihar da Muruetako arrantza lehiaketan izena emateko azken eguna
Umeek zein nagusiek parte hartzeko aukera daukate zapaturako antolatu duten lehiaketan.
Muruetako Udalak arrantza lehiaketa antolatu du zapaturako [uztailak 15]. Itsasadarrean, Teilerian, izango da, hain zuzen ere, arrantza lehiaketa, eta umeek zein nagusiek parte hartzeko aukera daukate. Umeen kategorian, 15 urtera artekoek parte hartu dezakete, baina nahitaez heldu baten laguntza eduki beharko dute. 16 urtetik gorakoek, berriz, nagusien kategorian lehiatuko dute. Antolakuntzak 32 pertsonarentzako tokia prestatu duen arren, 30 eta 40 lagun artean animatu dira lehiaketara; beraz, udaletik azaldu dute “libre dauden txoko denak” aprobetxatuko dituztela, ahalik eta jende gehienak parte hartu ahal dezan.
Parte hartzaileek arrantza lizentzia eduki behar dute, eta bakoitzak, gehienez, bi kanabera eraman ahalko ditu.
16 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta 15 urtetik beherakoentzat doan izango da izena ematea.