'Bakardade Ikusezina' erakusketa Mundakara iritsi da
Aukera berdintasuna eta gizarteratzea bultzatzea ditu helburu erakusketak. Gaurtik [uztailak 11] hilaren 28ra arte ikusgai egongo da Mundakako Udal Liburutegian.
Mercedes, Bakardade Ikusezina erakusketako protagonista, Mundakan dago. BBK Herriz Herri proiektuaren barruan kokatuta eta Mundakako Udalak babestuta dagoen kultur egitasmoa Mundakako Udal Liburutegira iritsi da. Helburu argi bi ditu: batetik, aukera berdintasuna eta gizarteratzea sustatzea; bestetik, lurralde garapena, lehiakortasun iraunkorra eta jasangarritasuna babestea. Bakardade Ikusezina gaur [uztailak 11] aurkeztu dute.
Liburutegia da orain, eta izango da uztailaren 28ra arte, Mercedes protagonistaren bizitoki berria. Eskultura hiperrealistaren egilea Ruben Orozco artista mexikarra da, eta “nahi ez den edo gura bako bakardadea islatzea” du jomuga. Artelanak banku batean burumakur eta pentsakor jesarrita dagoen 89 urteko emakumezko bat bistaratzen du; “bakarrik dago, oso goibel”, azaldu dute antolatzaileek. Gizarte “gaitz eta isil” baten isla izatea du helburu eskulturak: “Bakardadean eta horrek beregain dituen era denetariko ondoriekin hildako azken pertsona izatea bilatzen du; gizarte honekiko arreta deia ikusarazten du”.
Eskultura hiperrealistagaz batera, proiektuaren nondik norakoak nabarmentzen dituzten plakek osatzen dute erakusketa
Erakusketaren bidez, hura bisitatzen duen oro bakardadean bizi den adineko pertsona baten larruan ipini gura dute. “Gizarte modura, ezin dugu onartu adineko jendeak bakardadea pairatzerik; hori benetan mingarria da, eta ez dakar ezer onuragarririk. Gainera, bakardadeak era guztietako ondorioak dakartza: fisikoak, emozionalak edota sozialak. Guztion esku dago horiek denak saihestea”, azaldu dute. Eskultura hiperrealistagaz batera, proiektuaren nondik norakoak nabarmentzen dituzten plakek osatzen dute erakusketa.
Herritarrentzako jarduerak. Erakusketak iraungo ditun egunetan, mundakarrek nahiz inguruko herritarrek dinamizazio jarduera bitan parte hartzeko aukera izango dute. Lehendabizikoa bihar [uztailak 12] izango da, liburutegian bertan, 17:30etik 19:30era bitartean. Herriarrek, elkarlanean, eskulturak iradokitzen dizkieten sentimenak mural batean zerrendatzea izango da jardueraren ardatza. “Orozco egileak bakardadearen arazoaz sentsibizilizatzeko egin du eskultura, eta beharrezkoa da, beraz, jendeari auzi horrek zer iradokitzen dion jakitea”. Bertaratzen direnek, “bakardadeari ahotsa jarri asmoz”, ohar papertxoetan idatzi ahalko dituzte beraien hausnarketak, murala osatzeko.
Bakardadearen gaia lantzeko, kafe tertulia eta mural bat egingo dituzte; lehenengoa, bihar [uztailak 12] eta bigarrena, aldiz, hilaren 26an
Bestalde, hilaren 26an, “kafe solasaldi edo tertulia” egingo dute, hori ere udal liburutegian, 17:00etatik 18:30era. Egitasmo horren helburua, azaldu dutenaren arabera, “bakardadeari ahotsa ipintzea” izango da; horretarako, solasaldi “ireki eta parte hartzailea” egingo dute herritarrekin. “Herritarren arteko elkarrizketa horretan bilatuko dena da parte hartuko dutenek bakardadeagaz duten hartu-emanaren inguruan berba egitea eta, horregaz batera, beraien bizipenak partekatzea”, adierazi dute. Jarduera biak ala biak doakoak izango dira.
BBKren Herriz Herri programak 36 milioi euroko babesa jaso du erakundeen eskutik, eta Bizkaiko 80 udalerri baino gehiagotan egongo da, “udalek gizarte inpaktu positiboko egitasmoak egin ditzaten”. Adinekoen bakardadearen gizarte arazoaz gain, besteren artean, klima aldaketa, artea zein prestakuntza digitala dira programaren jorratzen dituen langai nagusiak.