33.945 euro batu ditu Batera Gara elkartasun jaialdiak
Lortutakoaren %100 fibrosi kistikoa pairatzen duten umeen zein senideen bizitza hobetzeko hiru programetara bideratuko dute: etxez etxeko arnas fisioterapiarako, elikadura programarako eta arreta psikosozialerako. Helburu guztiak bete dituztela diote antolatzaileek.
Ehunka lagun elkartu ziren ekainaren 11n Batera Gara elkartasun jaialdian, eta guztira 33.945 euro batzea lortu zuten. Ekimen “arrakastatsua” izen zen Gernika-Lumon ospatutakoa, eta batutako diruari esker “aurrera pauso” bat eman ahal izango dutela diote Bizkaiko Arnasa Gara elkartekoek. Izan ere, funtsen %100 fibrosi kistikoa pairatzen duten umeen zein senideen bizitza hobetzeko hiru programetara bideratuko dute: etxez etxeko arnas fisioterapiarako, elikadura programarako eta arreta psikosozialerako.
“Bultzada garrantzitsu bat da”, onartu dute Bizkaiko Arnasa Gara elkartekoek, eta nabarmendu dute inoiz ez dutela izan horrelako diru laguntzarik. “Ez genuen horrenbesteko laguntza espero, eta honek asko suposatzen du elkartearentzako. Oso gutxi gara, eta horrelako diru laguntza handi batek urte osoko laguntza suposatzen du”, azaldu dute.
Jaialdiak gaixotasunari eman dion ikusgarritasuna ere “oso garrantzitsua” izan dela onartu dute: “Ikastetxeetara joan gara fibrosi kistikoa zer den azaltzera, gaixotasun arraroak existitzen direla esatera, eta hori oso garrantzitsua da”. Onartu dute elkartean lanean daudenek ez dutela “horrelako ekintza handirik” egin, eta “oso eskertuta” daude.
Konpromisoz, eskuzabaltasunez eta laranja kolorez jantzi ziren herritarrak ekainaren 11n, eta fibrosi kistikoa pairatzen duten ume eta familien egunerokoa hobetzen lagundu zuten. Izan ere, horien bizi kalitatea hobetzen laguntzea zen helburu nagusia, eta lortu dute. “Eskerrik asko denei, parte hartu duten guztiei, era batera edo bestera lagundu dutenei, egun horretan egon zirenei zein ezin izan zutenei. Ez daukagu beste berbarik eskerrak ematea baino”, onartu dute. Antolatzaileek diote “helburu guztiak bete” dituztela eta”oso pozik” daudela esan dute, “indarberrituta”.
Eguna eskas hasi zuten, “eguraldia tarteko”, baina euria gelditu zenerako jendetza bertaratu zegoen Pasealekuan: “Eguna oso hunkigarria izan zen. Goizean euria izan zen, eta urduri geunden. Tentsio askoko momentuak izan ziren. Baina aurreskuagaz, eta eguraldi txarra egin arren jendea bertaratzen zela ikusita asko poztu ginen. Gernika laranjaz beteta ikustea oso hunkigarria izan zen. Pasealekua horrela ikusteak ez dauka preziorik. Elkarte txiki bati lagundu diogu, eta horrek asko betetzen gaitu”.
Boluntarioen lana ere azpimarratu dute, baita herria girotu zuten musika talde zein parte hartzaileen lana ere. Gainera, ekimena aurrera ateratzeko beharrezkoak izan diren produktu eta objektuak dohaitzan eman zituzten enpresa, elkarte eta norbanakoei ere eskerrak eman dizkiete.