Beroak ez ditu martxalariak geldiarazi
Ia 500 lagun elkartu ditu Elantxobeko IX. Mendi Martxak. Antolakuntzak "balorazio oso positiboa" egin du.
Zapatuan [uztailak 8] egin zuten Elantxobeko IX. Mendi Martxa. 2019az geroztik egin barik egon ostean, hamaika tokitako martxalariek “bikain” erantzun zioten Atxurkulu Mendi Klubeko antolatzaileek egindako deialdiari, eta aurretiaz izena emateko epean leku guztiak bete zituzten; irteera lerroan, hain zuzen ere, aurretiaz izena emandako 500 lagunetako 492 egon ziren. Antolakuntza lantaldetik adierazi dutenaren arabera, “aurreikusten zuten” baten bat azkenean ezin joan izatea, baina, edozelan ere, martxa “ederto” joan zela azaldu dute, balorazio “oso positiboa” eginez.
Argitu dutenez, “toki guztietako parte hartzaileak” eduki dituzte: “Badira zenbait Elantxobeko Mendi Martxa bere lehen aldietan ezagutu zutenak, eta urtez urte errepikatzen joan dira; joera horri eutsi diote, gainera, pandemiaren etenaldiaren ondoren. Madriletik, Lapurditik, Alemaniatik edota Bretainiatik etorri dira aurten, besteren artean. Horiez gain, Euskal Herri osotik eta, zelan ez, eskualdetik bertaraturikoak ere egon dira”.
Ogoñoko artadian, parte hartzaileek tenperatura altuak eduki zituzten, baina antolatzaileek likido gehiagogaz hornitu zituzten anoa postuak
Ez zen inongo istripurik edota trabarik egon, eta martxalariek “giro ederrean” egin zituzten 11 eta 22 kilometroko ibilbideak. Eguraldia lagun eduki zuten baina, era berean, beroa “oso presente” egon zen: “Ogoñoko artadian, tenperatura 32 gradutaraino igo zen, eremu horrek eduki ohi duen umeltasunagaz; beraz, martxalariek beste urte batzuetan baino ur gehiago eskatu zuten anoa postuetan”. Beroaren aurkako neurri legez, ur eta, oro har, “likido gehiago” aurreikusi dute antolatzaileek: “Anoa postuak jatekoagaz eta edatekoagaz ondo hornituta egon ziren, eta moldatu ginen tenperatura altuei aurre egiteko; parte hartzaileek, gainera, begi onez hartu zituzten prestaturiko anoa postu guztiak”.
Mantentzea, jomuga. Inguruko martxa erreferentea izateaz gain, “Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat izateko asmoa” dute antolatzaileek. “Helburu nagusi hori eduki izan dugu hasieratik, eta horri eusten diogu. Hurrengo urterako helmuga aurtengo mailari eustea eta goiko kotan mantentzea izango dira. Aurtengo erronka handiena aparkalekua kudeatzea izan da, esaterako, eta hori ere bikain konpondu dugu, ez baitzen inongo arazorik egon”.