Arrolamendi adin nagusikoen elkarteak zuzendaritza talde berria dauka
2004an sortu zuten taldea, eta ordutik zuzendaritza talde berdina egon da lanean. Erreleboa hartu diete, egindako lana eskertuz eta omenaldi "hunkigarria" eskainiz.
Nabarnizko Arrolamendi adin nagusikoen elkarteak zuzendaritza talde berria dauka. Hainbat herritarrek 2004an sortu zuten elkartea, eta 19 urtez lantalde bera lanean aritu ostean, erreleboa eman diote zuzendaritza talde berri bati. Urte luzez egindako lana eskertu zieten atzo omenaldi “hunkigarri” batean, eta Kabelinatxe dantza taldekoek agurra dantzatu zieten.
Lourdes Aboitiz zuzendaritza berriko partaideak elkartean lanean aritu diren guztiei esker ona adierazi zien, besteak beste Jabier Ikazuriagari, Pilar Aboitizi, Mari Gloria Aranazi zein Mari Tere Ikazuriagari: “Orain dela 19 urte hasi ziren, eta gelditu barik egon dira, ahal dutena egiten. Lan asko egin dute, baina adinean gora doaz eta taldea berriztu behar izan da. Omenaldi bat egin gura izan diegu, egin duten guztia eskertzeko. Euren lanari esker antolatu dira ekitaldiak”.