Txirrinduaz gozatzeko festa
Bermeo Bizi Festak kirola eta elkartasuna uztartu ditu aurtengo lehenengo edizioan. 301 txirrindularik parte hartu dute Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon proban, eta 70 kilometroko lasterketan Iker Eskibel eta Julen Zubero gailendu dira. Antolatzaileak "pozik" agertu dira: "Lehenengo edizioa izateko pozik gaude, dena ondo aterada da".
Gozatzeko, lehiatzeko edo elkartasun mezua zabaltzeko garraiobidea izan daiteke bizikleta. Hori erakutsi du kirola eta elkartasuna uztartu dituen Bermeo Bizi Festak. Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak lehenengoz antolatu du jaialdia, eta Burujabetasun zelaian batu ditu txirrindulariak zein zaleak.
Kirola eta bizikleta bidezko joan-etorri jasangarria sustatzeko eta Bermeoko Eutsi Gogor Danok Batera eta Bizkaiko Elikagaien Bankuari ikusgarritasuna emateko helburuz ere antolatu dute festa, eta “pozik” agertu dira antolatzaileak: “Lehenengo edizioa izateko pozik gaude, dena ondo aterada da”.
Bermeo Bizi Festa bizikleta martxan 50 lagun inguruk parte hartu dute, baina antolatzaileek onartu dute “jende gehiago bertaratzea” espero zutela. Hala ere, parte hartzaileek “pozarren” zeharkatu dituzte Bermeoko kaleak, portutik Burujabetasun zelaira iristeraino.Ā Zelaian bertan, txirrinduentzako ginkana batean eta puzgarrietan ondo pasatzeko aukera izan dute, eta ondo aprobetxatu dute gaztetxoenek.Ā
Aldapa Xtrem Bike. 301 txirrindularik parte hartu dute gaur Serrats Aldapa Xtrem Bike bizikleta lasterketetan. Maratoia eta maratoi erdia lehiatu dituzte, 70kilometroko eta 30 kilometroko lasterketak, alegia.Ā
Kantauri itsasoko eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako leku ederrak zeharkatu dituzte bi ibilbide “gogor eta teknikoetan”. Izan ere, parte hartzaile guztiek nabarmendu dute ibilbidearen gogortasuna, baita paisaiaren edertasuna ere.Ā Antolatzaileek esan dute ez dutela istripu larririk izan, eta hori pozgarria dela.Ā
70 kilometroko lasterketak bi irabazle izan ditu: Iker Eskibel eta Julen Zubero. Elkarregaz egin dute lasterketa, lagunak dira, eta batera ailegatu dira helmugara. “Urteko lasterketa gehienetan batera helmugaratu gara, elkar laguntzen aritu gara, eta lehenengo postua elkarbanatu gura izan dugu”, adierazi dute lasterketa irabazi bezain laster.
Zuberok esan du lasterketa “gogorra” izan dela, gune leunik barikoa, baina “polita” izan dela azpimarratu du. Eskubelek “gogortasuna” nabarmendu du, batez ere azken jaitsierakoa. Podiuma Unai Mateosek osatu du. “Aurrekoak oso arin joan dira hasiera hasieratik, eta ezin izan diet jarraitu”, onartu du txirrindulariak. Gero, bere erritmoa hartu du, eta bakarrik ailegatu da helmugako lerrora.
30 kilometroko lasterketa, berriz, Arrate Astobizak eta Jonatan Gomezek irabazi dute. Lehenengo bermeotarrak, berriz, Olga Lobato eta Gomez irabazlea bera izan dira.
Parte hartzaileek Bizkaiko hainbat herritatik zein kanpotik etorri dira Bermeora, eta orokorrean “gustura” osatu dute ibilbidea; “oso ondo” seinaleztatuta egon dela azaldu dute. Urdabain horrelako lasterketa bat antolatzearen beharrizana ere azpimaratu dute beste batzuek: “Uste dut Urdaibaik eta batez ere Bermeo inguruak horrelako lasterketa bat behar zuela. Ilusio handia egin dit ekimen honek, eta ea apruka-apurka indartzen eta egonkortzen den”.Ā
Antolatzaileek boluntarioen lana eskertu dute, 115 boluntariok baino gehiagok parte hartu dutelako Bermeo Bizi Festa egiten: “Eurei esker ona”.
Gaixotasun arraroak dituzten neska mutilen familiak biltzen dituen Eutsi Gogor Danok Batera elkartearentzako diru ekarpenak egiteko aukera ere eduki dute parte hartzaileek helmugara iristerakoan, kamisetak saltzen egon direlako bertan. Hainbat arazo tarteko, antolatzaileek ezin izan dute elkartasun bizikletarik jarri, baina gaixotasun arraroei ikusgarritasuna emateko aprobetxatu dute aukera.Ā