"Inoiz baino garrantzitsuagoa da saretzea; indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzen ditugu"
Bermeoko Mugimendu Feministatik deituta, atzo goizaldean Bermeon izandako eraso matxista salatu dute herritarrek. Lamerako harrizko bankuan egin dute protesta. Bermeoko eta Mundakako udalek bat egin dute elkarretaratzeagaz.
Bermeoko Mugimendu Feministak deituta, atzo goizaldean [uztailak 7] Bermeon gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzean bildu ziren herritarrak atzo arratsaldean Bermeoko Lamerako harrizko bankuan. Segurtasun sailaren arabera, udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen indarkeria matxista egotzita, eta epailearen esku utzi zuen. Hori dela eta, Bermeoko Mugimendu Feministak “indarkeriarik gabeko bizitzak” aldarrikatu ditu: “Gure inguruan eskuina azkar zabaltzen ari den garai hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da elkar antolatzea, saretzea. Indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzen ditugu”.
Feministek salatu dute “ehunka” eraso jasaten dituztela emakumeek euren egunerokoan: etxean, kalean, parrandan, lanean, erakundeetan… Arazoa “estrukturala” dela azpimarratu dute, eta horren aurrean autodefentsa feministaren beharra adierazi dute. Izan ere, azken asteetan hainbat eraso matxista gertatu dira Bermeon, eta lau emakume erail dituzte Euskal Herrian: “Azken asteetan herrian jakinarazten den hirugarren kasua da hau, eta azken hilabetean, gainera, lau emakume erail dituzte Euskal Herrian. Aski da!”.
Bermeoko eta Mundakako udalek “gertutasuna eta elkartasuna” adierazi diete emakumeari eta bere ingurukoei, eta eraso matxistekiko euren “gaitzespenik sutsuena” adierazi dute: “Argi adierazi gura dugu ekintza hauek onartezinak direla eta ez dutela lekurik gure herrian, ez inon”.
Azpimarratu dute pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa “eskubide urraezinak” direla, eta feministen aldarriagaz bat egin dute arazoa “estrukturala” dela esanez: “Argi geratu da indarkeria matxista lehen mailako gizarte arazoa dela, estrukturala eta kolektiboa”.
Egoera horien aurrean, udalek herritarrei eskatu diete bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko: “Herritarrei dei egiten diegu bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta gizarte osoaren babesa jaso dezaten”.
Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko” desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta gaineratu dute “elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale” bat lortzeko ahalegina egingo dutela, “azken asteetan gertatutako erasoak sekula ez errepikatzeko”. Ozen eta garbi adierazi dute ez dutela euren herrietan “inongo eraso matxistarik onartuko”.