Comete Sarearen lana ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu du Goizalek
Comete sarearen lana ezagutzeko mendi ibilaldira joateko irteera antolatu du irailaren 9ko astebururako. Izena emateko epea zabalik dago, eta uztaileko eguenetan egin daiteke, Goizale Mendi Taldearen egoitzan.
Comete Sareak urtero antolatzen duen ekimenagaz bat egin du Gernika-Lumoko Goizale mendi taldeak, eta sare horren lana ezagutzeko mendi ibilaldira joateko irteera antolatu du irailaren 9ko astebururako. Izena emateko epea zabalik dago, eta uztaileko eguenetan egin daiteke, Goizale Mendi Taldearen egoitzan, 20:00etatik 21:00etara arteko ordutegian. Abuztuan itxita egongo da egoitza, baina abuztuaren 31n izena emateko beren beregi zabalduko dute.
Goizale mendi taldekoek jakinarazi dutenez, II. Mundu Gerrak iraun zuen urteetan, nazien aurkako hainbat talde klandestinok euskal muga gurutzatzen zuten, “alemanen jazarpenetik ihes zihoazenak babestu eta berriro aliatuen aldera itzultzeko”. Horrela sortu zen Comete sarea, aliatuen hegazkinetako gidariak jasotzen espezializatutako erakundea: “Izan ere, aliatuen hegazkinak etengabe ateratzen ziren Londresetik, alemaniarren edo horien esku geratu ziren Europako helburu estrategikoetara bonbak jaurtitzera. Hegazkin horietako asko lurrera botatzen zituzten, eta gidariak bizirik ateratzen baziren, nazien esku geratzeko eta ondorio latzak bizitzeko arriskua izaten zuten: fusilamenduak, torturak, kontzentrazio zelaiak…”. Hori horrela, Comete sarea hainbat urtez aritu zen hegazkin bidariak lurreratzen zituzten toki desberdinetatik jasotzen, gero, “ofizialki neutrala” zen Espainiara bideratzeko, eta handik euren herrialdeetara eroateko. “Bidaia, askotan, Bruselan hasten zen, gero Parisera heldu eta muga igaro aurretik, Donibane Lohitzunen eta Ziburun elkartzen ziren. Jarraian gurutzatzen zuten muga, Bidasoa zeharkatuz”, azaldu dute mendi taldekoek.
Hala, irailaren 9ko asteburuan, garai haietako iheslariek egin modura, Ziburu herrian hasi eta Errenterian amaituko den oroitzapen bidean osatuko dute Goizaleko kide eta parte hartzaileek, “nazi-faxismoaren aurka esku hartu zutenei omenaldia eskaintzeko”. Zehaztu dutenez, zapatuan autobusez joango dira Ziburura, eta handik, oinez, Bidasoa gurutzatu ondoren, Endarlatsara ailegatuko dira. Han, sardinak jango dituzte, eta gero, autobusez, Lesakara joango dira ostatu hartzera. Domekan, Endarlatsara joango dira autobusean, eta handik Errenteriara arteko bidea egingo dute oinez.
Jada 82 urte igaro dira Comete sarea sortu zenetik. Ihes sarea antolatu zuen talde txikia Belgikatik Euskal Herrira etorri zen, eta hemen, hainbat harreman izan zituzten Francoren aurkako euskal taldeekin, horiek lagundu baitzieten Bidasoa nondik zeharkatu behar zuten ikasten eta iheslariak jasotzen. “Dedée De Jongh belgikar emakume gaztea Bilbora etorri zen, eta euskal taldearen laguntzagaz, britainiar kontsulatuan azaldu zen, eta herrialde horretako zerbitzu sekretuekin harreman sendoak abiatu zituen, Comete erakundea sendotu eta egituratzeko”, azaldu dute mendi taldekoek.