Mater ontzia astelehenean iritsiko da Bermeora
Uztailaren 10etik 13ra ontzia bisitatzeko aukera egongo da, eta tailerrak ere antolatu dituzte.
Egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handia da Mater. Gaur egun Ontzi Museo Ekoaktiboan bihurtu dute, eta Bermeora iritsiko da astelehenean [uztailak 10]. Aurten ere, Zero zabor uretan kanpainagaz Euskal Herriko kostaldetik zeharkaldia egiten dabil itsaso osasuntsu baten alde.
Bilbon hasi zuen uztailaren 4an zeharkaldia, eta Portugaleten geldialdia egin ostean iritsiko da Bermeora; portuan egongo da uztailaren 13ra bitartean, orduan Ondarroarako bidea hartuko du.
Zero zabor uretan hondakinen arazoari buruzko hausnarketa sustatu eta irtenbideak bilatzeko prozesu parte hartzaile bat sortzea helburu duen kanpaina da, gizarteko eragile desberdinak inplikatuz. Kanpainaren bostgarren aldia aurtengoa.
Bermeon egongo den egunetan ontzia bisitatzeko aukera egongo da eta mota askotako tailerrak ere antolatu dituzte. Bestalde, astelehenean bertan, Zabor itsas hondakinen munstroa eta Bio Biodibertsitatearen Dama kalejiran ibiliko dira portutik abiatuta. Eurekin batera, KIETB erraldoien konpartsa txikiaren Eneko, Izarra, Tartalo eta Olatz erraldoiak ere egongo dira.
Gainera, aurten ere, Bermeoko komertzioak Ni Itsas Zaindari kanpainan parte hartzen ari dira. Zabor eta Bio itsas erraldoien bitartez, Hondakin hoberena, sortzen ez dena aldarrikatu eta ohitura jasangarriak sustatzeko, herriko gazteek aldarrikapenak sortu dituzte. Aldarrikapen horiek herriko komertzioetako erakusleihoetan ikusgai jarri dituzte.
EGITARAUA
- UZTAILAK 10, ASTELEHENA
- 12:00. Porturatzea.
- 19:00. Itsas erraldoien (Zabor eta Bio) martxa, ontzitik abiatuta.
- UZTAILAK 11, MARTITZENA
- Goizez eta arratsaldez. Sei bisita ekoaktibo Mater ontzi ekoaktibora euskaraz, eta lau bisita gaztelaniaz.
- 11:00-14:00/17:00-20:00. Itsas Zaindari Gunea Mater ontziaren parean.
- 22:00. Itsas laburmetraia proiekzioa ontziaren kubiertan.
- UZTAILAK 12, EGUAZTENA
- 11:00-14:00. Bisita ekoaktiboa orduro (euskaraz).
- 17:00-18:00: Itsas hondakinen karakterizazio tailerra.
- 18:00-19:30: Itsasoko plastikoak biziberritzen tailerra.
- UZTAILAK 13, EGUENA
- 14:00. Ondarroarantz nabigazioa (erreserba eta ordainketagaz). Erreserbak: 619 81 42 25/info@mater.eus.