Urdaibaiko Guggenheimari buruzko azken albisteen harira, horren kontra mobilizatzeko deia berretsi dute
Guggenheim Urdaibai eraikitzeko 40 milioi euroko diru saila emango dio Espainiako Gobernuak Bizkaiko Foru Aldundiari, eta horren aurrean, "ustekabea, amorrua eta sumindura" sentitu dute hainbat eragile eta herri plataformek.
Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko 40 milioi euroko diru saila emango dio Espainiako Gobernuak Bizkaiko Foru Aldundiari, eta atzoko albiste horren aurrean “ustekabea, amorrua eta sumindura” sentitu dute hainbat elkartek eta herri plataformek; tartean daude Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren garapen iraunkorraren aldeko Urdaibaietz, Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai elkarte eta herri mugimenduak. Horren kontra egiteko adierazpena zabaldu eta mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.
Elkarteek iragarpenarekiko “harridura” adierazi dute, eta gogoratu dute uztaileko Espainiako Gobernuaren hauteskundeen atarian gobernuaren “aginte zubitik” hartu dutela EAJri 40 milioi euroko diru saila emateko erabakia. Erabakia “in extremis” hartu izanak ezustean harrapatu ditu elkarteetako kideak: “Sinistu ezinda gaude Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoaren eta Demografia Erronkaren ministroak in extremis jaurtitako diru saila ikusita. Urdaibaiko estuarioan jarduera bereziak egiteko dela diote, horien artean egonik Guggenheim Urdaibai Konplexu Turistikoa”.
Elkartekoek Espainiako Gobernuari gogorarazi diote Urdaibai “erabat babestuta” dagoela, eremu hori babesten dutelako Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Espainiar Estatuko, Europako zein UNESCOren legeek, hitzarmenek zein jarraibideek. “Horiek guztiek ezinezko amets bihurtzen dute proiektu handia. Edonola ere, proiektu hori Trantsizio Ekologikoko ministroak onartu izana larria da”, adierazi dute. “Ulergaitza da bere burua aurrerakoitzat aldarrikatzen duen gobernuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Guggenheim Urdaibai Gune Turistikoa sustatzea, eskualdea turismo masiboz betetzea bultzatuz”, gehitu dute, eta esan dute “harridura” eragiteaz gain, “amorrua eta haserrea” ere eragin dietela. Hala, proiektuaren aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.
Bestalde, elkarteko kideek “lotsa” adierazi dute Aitor Estebanek eskainitako adierazpenekiko: “Diru hori Espainiako Gobernuari presioa eginez lortu dutela esan du, eta jarraitzaileek txalo egin diote. Baina eskualdeko herritarren mobilizazioei entzungor eginez dabil, mobilizazioek eskualdeko eremua gainditzen duten arren: manifestazioak, pankartak, sinadura bilketak…”. Gaineratu dute, EAJk ez duela proiektuaren berri eman, eta gizarteak zein oposizioak ez dakiela ezer hari buruz.
Elkarteek alderdi politiko guztiei dei egin diete Guggenheim proiektuaren aurrean ze jarrera duten esatera, “uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorrak baino lehen”; PSE-EEri, “berariazko” deia egin diote. Eta herritarrei zein gizarte eragile ezberdinei Guggenheim Urdaibai Stop leloagaz egiten diren deialdiei babesa adierazteko deia egin diete: “Urdaibai ez dago salgai! Gernika izena ez zikindu!”