Sankristobalak datoz asteburua girotzera
Busturiarrentzako jai handiak dira sankristobalak, eta "gogotsu" daude horien zain. Foruko San Kristobal eta Gernika-Lumoko Agarre auzoetan ere zer ospatu badaukate
Sanpedroen lekukoa hartuko dute asteburuan San Kristobal jaiek. San Kristobal Eguna uztailaren 10ean (astelehena) bada ere, etzi [uztailak 7] hasita, festa giroan murgilduko dira Busturialdeko bizilagunak.
Busturiko San Kristobal auzoko jai handiak izaten dira sankristobalak, eta eskualdeko gazte zein nagusien topagune bihurtzen dira. Adin guztiei zuzendutako egitaraua prestatu dute aurten ere, eta egunez zein gauez ondo pasatzeko aukera paregabea edukiko dute.
San Kristobal jaien zain “gogotsu” daudela dio Busturiko jaietako zinegotzi Maitane Zearretak. Etzi, Xsakara bermeotarraren ostean izango duten Kaos Etilikoren kontzertua nabarmendu du: “Urte askoren ostean bueltatu dira, eta badakigu jende asko mugitzen dutela. Horregatik gura izan dugu Kaos Etiliko Busturian eduki”.
Bestetik, San Kristobal eguna bera “oso polita” izaten dela adierazi du Zearretak: “San Kristobaleko plazan auto apainduen erakusketa izaten dugu, eta sari banaketa egiten dugu gero”.
Auto apainduen erakusketaz gain, badaude beste bi ekitaldi San Kristobal jaietan falta ezin direnak; batetik, santuaren egunean bertan Irrintzi Alai Dantza Taldeak egiten duen erakustaldia, eta bestetik, ume eta nagusien danborrada. Datorren urtean, gainera, Atxurkulu Emakumeen Taldeak antolatzen duen danborradaren 25. urteurrena ospatuko dutela adierazi du.
Zapatuan beteko da herria danbor hotsekin. 19:30ean, nagusiak aterako dira Altamiratik, eta umeak izango dituzte zain Nautikan, San Kristobal plazaraino elkarrekin abiatzeko. Hainbat abesti jotzen dituzte danborrekin, baina «politena» Zearretaren arabera, edo behintzat «ikusgarriena» Athleticeko himnoa izaten dela aipatu du.
Jaien baitan, iaz egin modura, martxa solidarioa egingo du Egurre Mendi Taldeak, eta txosna solidarioa ere jarriko dute. 24 ordutan 100 kilometroko martxa solidarioa egingo dute, eta zapatuan 17:30ean iritsiko dira Busturira, eta bertan harrera egingo diete parte hartzaileei. Batutako dirua Zornotzan jipoitua izan zen Alexandru Lotinarentzat izango dela jakitera eman dute taldeko kideek.
San Kristobal jaietara bertaratzeko deia egin du Busturiko zinegotziak: “Jendeari eskatzen diogu ondo pasatzea, pasatu barik eta errespetu osoz”.
Auzoetan ere jai handi. Busturian ez ezik, Foruko San Kristobal eta Gernika-Lumoko Agarre auzoetan ere jaiak ospatuko dituzte asteburuan.
Foruarrak San Kristobal baselizaren inguruan batuko dira izen bereko jaiak ospatzeko. Bigarren urtez paella txapelketean parte hartzeko aukera eduki dute bertako bizilagunek, eta dantzak, musika zein umeentzako jolasak ere ez dira faltako asteburu osoan.
Gernika-Lumoko Agarre auzoan ere egitarau zabala prestatu dute sankristobaletarako. Hala, bihar hasi eta domekara bitartean ohikoak diren tortilla zein sukalki txapelketak ez dira faltako, ezta sardina jana zein partiduak ere. Era berean, jolasean aritzeko zein dantza egiteko aukera ugari ere edukiko dituzte.