Osoko bilkurak hilean behin egitea onartu du Bermeoko Udalbatzak
Irailetik aurrera, hileko azken eguenetan egingo dituzte osoko bilkurak, 18:00etan hasita.
Ezohiko osoko bilkura egin du gaur Bermeoko Udalbatzak. Besteak beste, irailetik aurrera ohiko bilkurak hilean behin egitea onartu dute. Hala, hileko azken eguenetan batuko dira, 18:00etan. Ekainean eta uztailean, berriz, 08:30ean egingo dituzte osoko bilkurak, eta abuztuan eta abenduan ez dira batuko. Proposamena aho batez onartu dute.
Nadia Nemeh alkateak esan du osoko bilkurak arratsaldeetan egitea pentsatu dutela jende gehiago bertaratu ahal izateko: “Uste dugu modu horretara udalbatzarrak irekiagoak izango direla”.
EAJko zinegotziek EH Bilduk eta Guzanek osatzen duten udal gobernuak aurkeztutako proposamenaren alde bozkatu dute, baina Aritz Abaroak esan du bi hilabeterik behin eginda ere “nahikoa” izango litzatekeela, eta orain arte hori defendatu dutela: “Egoten diren gaiak kontuan hartuta eta udal barruko funtzionamendurako askoz ere egokiagoa dela uste dugu. Teknikariek astero eta hilero batzordeak eta osoko bilkurak prestatzen ibili behar dute, eta proiektuak aurrera ateratzea zailagoa da”.
Alkateak esan du gaia “aztertu” egin dutela: “Egia da teknikariek lan karga apur bat handiagoa izango dutela, baina, era berean, udalbatzarrak laburragoak izango dira. Gainera, modu horretara eginda, uste dugu zinegotzi guztiek teknikoekin egoteko aukera gehiago izango dutela, eta elkarlana erraztuko dela. Oso garrantzitsua da hori guretzat”.