Kirola eta elkartasuna batuko ditu Bermeo Bizi Festak
Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon proba lehiatzeaz gain, bizikleta martxa herrikoia ere egingo dute, eta, besteak beste, ginkana eta puzgarriak egongo dira Burujabetasun Zelaian, zapatuan (uztailak 8).
Kirola eta bizikleta bidezko joan-etorri jasangarriak sustatzeko eta Bermeko Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari eta Bizkaiko Elikagaien Bankuari laguntzeko helburua dauka zapatuan (uztailak 8) izango den kirol jaialdi solidarioak. Burujabetasun zelaian askotariko jarduerak egingo dituzte.
Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak eta udalak elkarlanean antolatu dute. “Bizikleta garraiobide jasangarri moduan erabiltzea aldarrikatu gura dugu. Batetik, kirola zein joan-etorri jasangarriak sustatzea da asmoa, eta helburu solidarioa ere badauka”, esan dute Matxitxako TKTkoek. Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak gaixotasun arraroak dituzten neska-mutilen familiak biltzen ditu.
Bermeo Bizi Festa bizikleta martxa herrikoia 11:30ean hasiko dute portuan (Olatuan), eta Burujabetasun Zelaian amaituko dute. Kiroldegian eta Rural Kutxaren webgunean aurretiaz izena eman daiteke bihar arte (uztailak 6) . Zapatuan bertan ere izena eman ahalko da, 10:00etatik 11:00etara arte.
Izen ematea “sinbolikoa” dela zehaztu dute: “Bizi Festan izena ematen dutenek Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat kontserba latak, pasta eta lekale paketeak… ematea gura dugu”.
Bermeko Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari eta Bizkaiko Elikagaien Bankuari laguntzeko ekarpenak bilduko dituzte
Bizikleta Solidarioan, berriz, jendeak egindako kilometroak euro bihurtuko dituzte: “Bizikleta bat egongo da zelaian, eta jendeak emandako pedalkadak diru bihurtuko dira, elkarte biei ekarpena egiteko”.
Horrez gain, ginkana eta puzgarriak ere egongo dira, eta herriko Josepa Kale Kale taldekoek musikatuko dute ingurua. “Ginkana teknifikazio-zirkuitu modukoa izango da edo teknikoa izango da”.
Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon. Bestalde, maratoia eta maratoi erdia ere lehiatuko dituzte, 09:30ean Burujabetasun zelaitik irtenda.
Bike Luzie maratoian (70 km) 2.350 metroko desnible positiboa gainditu beharko dute, eta Bike Laburre (35 km) distantzia ertaineko ibilbidean, berriz, 1.150 metrokoa. 305 pertsonak izena eman dute. “Arrakasta gehiago luzeak eduki du. Luzeak 68,5 km izango dira, 225 txirrindularik izena eman dute. Bestea 31 km-koa izango da, eta 80 txirrindulari daude izena emanda”, azaldu dute antolatzaileek.
Kantauri Itsasoko eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako “talaia ederrenak” ezagutaraziko dituzten bi ibilbide “zorrotz” prestatu dituzte: “Urdaibaitik kanpoko jendea etorriko da, eta gure asmoa zen Urdaibaiko txoko ezkutuak ezagutara ematea, Urdaibaiko aurpegi ezezaguna erakustea. 500 partaidera heltzea zen asmoa, baina data ez da aproposa. Tourragatik astebete atzeratu dugu, eta, adibidez, San Ferminak direla eta bi nafar baino ez dira etorriko. Uste dugu aurreko astean egin izan bagenu, jende gehiago etorriko zela, baina, hala ere, pozik gaude, lehenengo edizioa delako, eta proba modura ondo etorriko zaigu zelan antolatzen garen ikusteko”.
Lau anoa postu egongo dira, eta horietako bat bakarrik edariena izango da. Horietan, gainera, ibilbidean sor daitezkeen arazo mekanikoak konpontzeko guneak egongo dira: 22,1. kilometroan, 45. kilometroan eta 53,2. kilometroan. Era berean, segurtasuna bermatzeko Bermeoko Herri Babesaren eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren kideen laguntza edukiko dute.
Egitaraua:
- 09:30. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon probaren hasiera, Burujabetasun zelaian.
- 10:00. Bermeoko Bizi Festaren izen emateak.
- 11:00. Bizi Festaren irteera, Olatuan.
- 12:00-15:00. Ginkana, puzgarriak eta Bizikleta Solidarioa, Burujabetasun zelaian.
- 13:00. Josepa Kale Kale taldearen emanaldia.
- 14:30. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon probaren sari banaketa.
- 15:00. Almiketxu Jatetxean bazkari bat zozketatuko dute.