Jon Ander Urrestik Geuretik Sortuak bekako egonaldia burutu du
Udalbiltzak sustatzen duen sorkuntza bekako egonaldian aritu da bermeotarra, Amoroton, Munitibarren eta Aulestin. Eukalipto ustiapena eta tokiko basoaren galera dira sortzen ari den lanaren oinarria.
Udalbiltzak eta Euskal Herriko hainbat udalek Geuretik Sortuak bekaren bigarren deialdia egin dute, Euskal Herrian denetariko arte adierazpideak lantzen dituzten sortzaileei plaza emateko. Azaroaren 26an zarratu zen beka deialdia, eta, bigarrenez, jende pila batek eman zuen izena: 60 egilek. Horietatik 22 hautatu zituzten. Bigarren aldiak, gainera, berritasunetik ere eduki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileei ere tokia egin diete. Sortzaileek, beren lana ontzeko, Euskal Herriko 39 herri eduki dituzte eskuragarri. Bekaren jomuga, hain zuzen, lurralde arteko nahasketa egitea da eta, beraz, egile gehienek beraiena ez den lurralde batean egin dute hiru asteko sorkuntza egonaldia.
Antzergintza sailetan izena eman zuen eta alor horretan beharrean ari da Jon Ander Urresti Ugalde bermeotarra. “Aspalditik ezagutzen duen eremua” tokatu zaio, egonaldia egiteko: Amoroto, Aulesti eta Munitibar. “Berez, beste lurralde batera joan behar nintzen, baina eukaliptoei eta ustiaketa basoari buruzko obra lantzen ari naiz, eta errealitate horrek berton dauka islari argiena. Gainera, antzerkigintzan, Aulesti herri sobera ezaguna da; ADELen topaketak, esaterako, horren erakusle dira. Edozelan ere, Munitibarren nahiz Amoroton lanerako espazio ederra aurkitu dut”. Bermeokoak dagoeneko egin du hiru asteko egonaldia eta “guztiz probetxuzkoa” izan dela nabarmendu du.
Jon Ander Urresti: “Lanean aritu naizen herrietan badago tokiko baso eredua galeran dagoela bistaratzen duen kontzientzia kolektiboa”
“Hezurdura” prest dago. Urrestik, egonaldia egin ondoren, ondorio argi atera du: “Fintzeko eta lantzeko alderdi ugari daude oraindik, baina hezurdura prest dago. Abuztuan Bermeon beste egonaldi bat egingo dut, azken ukituak borobiltzeko. Uda ostean, aldiz, egonaldi labur bana egingo ditut Iparraldean. Bi horien helburua argi askoa izango da: oholtzan egongo diren kanpo elementuekin lan egitea; argiteria eta soinua dira elementuok”, azaldu du. Amoroto, Aulesti eta Munitibar inguruan, eukaliptoenak barik, pinu landaketak “agerikoagoak” diren arren, Urrestik nabarmendu du basoaren eta, bereziki, lekuko baso ereduaren galera eremu horretan ere ematen den auzia dela: “Bermeo inguruan, neure jaioterrian, eukaliptoa landeketetako jaun eta jabe da, baina, edozelan ere, lanean aritu naizen herri horietan ere badago tokiko baso eredua galeran dagoela bistaratzen duen kontzientzia kolektiboa“.
Hain zuzen ere, Urrestiren belaunaldia tokian tokiko baso autoktonoa ezagutu duen “azkenengoa” izan dela dio antzerkigileak. Hortaz, arinagoko belaunaldiengana jo du, bertako basoaren “benetako esanguraz eta aberastasunaz” kargutzeko: “Adinean zaharragoak direnek, adibidez, esku zabalik hartu naute, eta neure lanerako benetan baliagarriak izan diren hamaika gauza kontatu dizkidate”.
“Euskal Herria moduko toki batean zirkuitu bat eduki ahal izatea gauza handia da edozein sortzailerentzat”.
Herriz herriko bira. Beka deialdian hautatuak izandako sortzaileek diru laguntza jaso dute, lanketarako. Jasotako kopuruagaz “mirariak egitea” ezinezkoa dela adierazi duen arren, “lagungarria” dela azaldu du Urrestik. Dena dela, bekaren sustatzaileek antolatzen duten bira proposamena azpimarratu du: “Bekako edozein sormen alor izanda ere, parte hartu duten udalerrietan antzerki, nobela, komiki nahiz ikus-entzunezkoaren aurkezpena egitea ahalbidetzen dute antolatzaileek eta udalek. Bestela esanda: plaza ematen digute. Euskal Herria moduko toki batean zirkuitu hori eduki ahal izatea gauza handia da edozein sortzailerentzat”.
Egonaldiaren “balorazio aparta” eginda, bekak “produktibismotik ihes egiten duela” adierazi du: “Emaitzari soilik erreparatu barik, prozesua, bidea, baloratzen da. Lanerako baliabide denak eskuragarri ipintzen dizkigute, esperientzia zukutzeko”.