Uztaileko eguen iluntzeetarako plana dakar Muxikako Udalak
Kultura bultzatzeko eta herritarrei kultur ekintza ezberdinak eskaintzeko asmoz, ‘Eguenetan ze einbizu?’ ekimena bultzatu du Muxikako Udalak aurten lehenengoz. Uztaileko eguenetan, 19:30etik aurrera izango dira diziplina anitzeko saioak, udalerriko gune ezberdinetan.
Uztaileko eguen iluntzeetan zer egin behar duten galdetu die Muxikako Udalak herritarrei, eta kulturaz gozatzeko denetariko aukera ezberdinak eskaini dizkie. Kultura bultzatzea eta herritarrei aisialdirako eskaintza ezberdina eskaintzea helburu, Eguenien ze einbizu? ekimena jarri dute martxan aurten lehenengoz. Hala, uztaileko eguenetan, 19:30ean hasita, kultur eskaintza desberdinak egongo dira aukeran Muxikako, Gorozikako zein Ibarruriko txoko ezberdinetan.
Udal ordezkariek pandemia aurretik zuten kultura bultzatzeko aste osoko edo asteburuko ekimen desberdinen bat egiteko ideia, eta aurten ideia hori berreskuratu eta antolatu dute. Hala, herriko elkarte zein talde edo eragile ezberdinekin berba egin ostean, eguen iluntzeetarako hitzorduak jartzea erabaki dute: “Zerbait desberdina egin gura genuen, eta, herriko txoko zein eragileekin harremana mantenduz, eurekaz lan egin dugu. Ondorioz, jarduera batzuk txokoetan zein txoko inguruetan izango dira, baita herriko leku berezi edo esanguratsuetan ere, tartean Lapazaran txakolindegian”.
Aniztasuna bilatu dute ekitaldiak antolatzeko orduan, eta denetariko eskaintza prestatu dute, “herritarrei aukera eta diziplina ezberdinak eskaini ahal izateko”. Hori horrela, bertso saio batez, bakarrizketez, hitzaldi batez edota kontzertu akustiko batez gozatzeko aukera izango dute saioetara bertaratzen direnek. Gainera, antolatu dituzten ekintzetan muxikarrei plaza edo lekua egin gura izan dietela aitortu dute udal ordezkariek.
Basoak SOS proiektuari buruzko hitzaldia izango da eguen iluntzeetako lehenengo hitzordua: Urdaibain bertoko basoa sustatzeko crowfunding kanpaina abiatu du elkarteak, eta, horretarako, lau hektareako lur eremua erosi gura dute, bertoko basoaz estalitako eremu bat sortzeko bertan. “Herriko jende asko dago proiektu horretan lanean, eta horri buruzko informazioa eskainiko dute”, azaldu dute antolatzaileek.
Generoa umoregai duen ‘Luze edo Motz’ bakarrizketa eskainiko dute hurrengo saioan Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik, eta kontzertu akustikoa izango da hirugarren hitzorduko eskaintza: Elena Ojanguren muxikarrak Ander Akordagoitiagaz batera eskainiko du emanaldia.
Azken ekitaldia “bereziena edo desberdinena” izango dela aurreratu dute agintariek, izan ere, Lapazaran txakolindegira bisitan joango dira, eta txakolin eta pintxo dastaketa egingo dute bertan. Eta, ostean, Ez da kasualitatea bertso saio musikatuaz gozatzeko aukera edukiko dute; bertan ariko dira Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan, eta Maite berriozabalek jarriko ditu gaiak. Araitz Bizkai eta Oihana Landa izango dira musikariak. Uztailaren 27ko hitzordura joan gura duutenek Zubieta Errota liburutegian edota 645 006 663 telefonora deituta izena eman beharko dute.
Denetariko ekintzak prestatzeaz gain, horiek ez dituzte leku berean antolatu, eta horiek Muxika, Gorozika eta Ibarruriko auzo ezberdinetan gauzatzea bilatu dute. “Lau urte daramatzagu ekitaldi desberdinak herri guztietara zabaltzen, eta horri eutsi diogu oraingoan ere”, onartu dute. Hala, Ajuriako Dringili Drangolo txokoan, Ugarteko Kolakainen, Gorozikako Gaukarin eta Maumeko Lapazaran txakolindegian izango dira iluntzeak.
Egitaraua.
Etzi, uztailak 6. Basoak SOS proiektuaren aurkezpena eta hitzaldia, Ajuriako Dringili Drangolo txokoan.
Uztailak 13. Luze eta motz bakarrizketa, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik, Ugarteko Kolakaine txokoan.
Uztailak 20. Elena Ojanguren eta Ander Akordagoitiaren kontzertu akustikoa, Gorozikako Gaukari txokoan.
Uztailak 27. Txakolin eta pintxo dastaketa, eta bertso saio musikatua, Maumeko Lapazaran txakolindegian.