Bermeoko Udalak errotuluak euskaraz jartzeko laguntzak emango ditu
Errotulu bakoitzeko 300 eurora arteko diru laguntzak emango dituzte. Hori bai, eskatzaileek, errotulua jarri aurretik, horren zirriborroa aurkeztu beharko dute.
Bermeoko Udalak herriko merkataritza establezimenduetan errotuluak euskaraz ipintzeko diru laguntzak emango ditu. Laguntza horien helburua da merkataritza eta enpresa arloan euskararen erabilera sustatzea, baita establezimenduetako identifikazio ikurrak euskaraz jartzea ere.
Azaldu dutenez, errotulu bakoitzeko 300 eurora arteko diru laguntzak emango dituzte. Hori bai, eskatzaileek, errotulua jarri aurretik, horren zirriborroa aurkeztu beharko dute, “errotuluan jartzea aurreikusita daukaten testuagaz”. Ondoren, eskatzaileak jatorrizko faktura aurkezteaz gain, ipinitako errotuluaren argazkia ere erakutsi beharko du.
Interesa daukatenek abenduaren 15era arteko epea dukate laguntza eskatzeko, eta Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko dutela zehaztu dute.
Honakoak dira, besteak beste, laguntza emateko orduan kontuan izango dituztenak: errotulua euskaraz idatzita egotea, errotuluaren testua zuzen idatzita egotea, hala badagokio, hirigintzako lizentzia eskatuta izatea, elementu bat baino gehiago ipini gura badira, bakoitzari dagozkion agiriak aurkeztea, Bermeoko Udalagaz zorrik ez izatea eta establezimenduak errotulua lehenengo aldiz euskaraz jartzea.
Dirulaguntzei buruzko informazio gehiago eduki gura duten horiek 94-617 91 22 telefono zenbakira deitu edo euskera@bermeo.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi dezakete.