Xabi Barandika Markina-Xemeingo Grand Slameko finalerako sailkatu da
Unai Lekerikak zapatuan [uztailak 8] jokatuko du bigarren finalerdia Arbegaz Erkiaga-Ibarluzearen aurka. Gernika-Lumotarra bigarren jardunaldian lesionatu zen eta aste honetan probatuko du.
“Partidu serioa, gogorra eta oso maila altukoa”, horrela laburbildu dute domekako [uztailak 2] Markina-Xemeingo Grand Slameko lehen finalerdia. Barandikak bere asteburua borobildu du finalerako txartela eskuratuz. Bere pilotakadak erabakigarriak izan ziren.
Erremate gutxiko partida izan zen, piloteoa izan zen nagusi. Horregatik izan da hain gogorra. Lehen deskantsura gernika-lumotarra eta Basque iritsi ziren aurretik: 8-6. Jon Zabala markina-xemeindarra tanto batera jarri zituen urdinak pilota txulara botata eta hamarna berdinketa lortu zuen pilota atzeko zuloan bikain jarrita. Hamabina eta hamairuna ere berdindu zuten. Azken bi tantoak gorriek eraman zituzten lehen seta lortuz.
Bigarren seta lehena bezain gogorra izan zen, baina urdinak izan ziren aurretik markagailuan. Olharanek bikoteko erantzunkizuna hartu zuen, gehiago sartuz eta tanto gehiago amaituz. Hala ere, berdinasuna zen nagusi. Seina eta zazpina ere berdindu zuten, baina hortik aurrera urdinak nagusitu ziren: 10-15.
Hirugarren eta azken seta azkarra izan zen. Pilota biziagaz Zabalak errebesez luze bota zuen lehenengo. Barandikaren hiru errebotek erabaki zuten azkenean finalerako txartela. Esku eskura etorri zitzaizkion hiru pilota desenpatean eta gernikarrak errebotez ez zuen barkatu.
Arbe-Lekerika eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteek jokatuko dute zapatuan [uztailak 8] Uni frontoian. Lekerika bigarren jardunaldian lesionatu zen eta aste honetan probatuko du, jokatzeko moduan dagoen ala ez jakiteko.