San Pedro jaiak giro ederrean borobildu dituzte asteburuan Elantxoben eta Mundakan.
Sanjuanak ospatu ostean, eguaztenetik jai giroak ez du etenik izan
Mundakan. Bost egun jarraian, eta hamaika ekitaldi eduki dituzte, eta, beraz, parrandarako aitzakiarik ez dute izan.
Sukalki Eguna izan zen zapatua (uztailak 1), baina aurreko urteetan baino arinago ibili behar izan zuten prestaketa lanetan, gero Tourra ikustera joan ahal izateko. 29 kazola aurkeztu zituzten 12:30ean, eta, epaimahaikoen ustez, 1 zenbakiduna izan zen denetan onena. 13:30ean hasita, hamar sari banatu zituzten.
Ā
Beste behin, jendetsuak izateaz gain, jai musikatuak izan dira Mundakako sanpedroak: eguen iluntzean playback-ak eta Joxpa erromeria, barikuan Joseto Ta Alayak elektrotxarangak eta Akerbeltz erromeria, zapatuan Jose Mari Egileor Txistulari Taldearen kalejira goizean eta Lehian erromeria iluntze-gau partean, Lizarrako bandaren kontzertua domekan… Askotariko musikak askotariko adin-tarte eta gustuentzat.Ā
Atzo iluntzean, gainera, bi euskal aktore izan zituzten herrian; Nerea Garmendia eta Andoni Agirregomezkorta antzezle ezagunek bakarrizketa eskaini zuten.
Ā
Elantxoben barikua (ekainak 30) izan zuten jaien azken eguna. Eguerdian, nagusiek Tinglauan marmitakoa prestatu bitartean, portuaren beste aldean, umeak egurrezko jolasekin aritu ziren, Zureskuren eskutik. Bazkaldu aurretik, gainera, triki poteoan elkartu ziren. Arratsaldean, entzierro txikian eta zezen mekanikoan gozatu zuten ume, gaztetxo zein nagusi bat edo bestek, eta iluntzean, berriz, elektrotxarangak musikatu zuen portu ingurua.