Harresiaren eta zazpi ateen historiaz ariko dira bihar Arrantzaleen Museoan
Erdi Aroan portaleak zeuden lekuetan azalpen panelak jarri dituzte. Turismo Bulegoan, gainera, liburuxka bat ere banatuko dute.
Asier Romero, Bitor Uriarte eta Rober Garai izango dira azalpenak emateaz arduratuko direnak, bihar [uztailak 4] 18:00etan, Arrantzaleen Museoan. Hitzaldian Bermeoko Erdi Aroko harresiari eta bertan ziren zazpi portaleei buruzko xehetasunak kontatuko dituzte.
Era berean, gaurtik [uztailak 3] aurrera Erdi Aroko harresiari buruzko liburuxka eskuratu daiteke Turismo Bulegoan, doan. Gainera, Erdi Aroan portaleak zeuden lekuetan azalpen panelak jarri dituzte. Informazio panel bakoitzak euskarazko eta gaztelaniazko azalpenak dauzka; panel bakoitzak, gainera, QR kode bat ere badauka, informazio gehiagorekin. Gaur egun ate bakarra geratzen da zutik, Sanjuanportale.
Alde Zaharreko kultura ondarea berreskuratu, balioetsi eta ezagutarazi asmoz, Bermeoko Udalak joan den martxoan aurkeztu zuen proiektua. Uriartek eta Romerok harresiari eta ateei buruzko informazio historikoa bildu dute, eta material hori guztia aztertu, landu eta prestatu dute herriari “modu erraz eta didaktikoan” aurkezteko. Bestetik, informazio hori guztia oinarritzat hartuta, Garaik ate bakoitzaren ikus-birsorkuntza prestatu du.