Urdaibain bertoko basoa sustatzeko ekimena
BaSOS elkarteak crowfunding kanpaina abiatu du, lau hektareako eremua erosteko eta bertan bertako basoa landatzeko.
Urdaibain bertoko basoa sustatzeko crowfunding kanpaina abiatu du BaSOS elkarteak. Lau hektareako lur eremua erosi gura dute elkartekoek, bertoko basoaz estalitako eremu bat sortzeko bertan. “Gure basoak babesteko zure laguntza behar dugu”, diote.
Erosi gura duten eremu horretan pinua eta eukaliptoa zegoen landatuta, eta arraseko mozketa bidez kendu zuten dena. Hori eraldatzea da elkartearen helburua: “Pinudi izandako lursaila da, modu intentsiboan ustiatutako pinudi bat, gerora makinek txikitu zutena. Etorkizun latza zeukan: eukaliptoz edota itsas pinuz osatutako beste landaketa bat egitea, edo sasiz beteko zen larrea izatea. Guk bertoko baso bihurtu gura dugu, basoak erresilienteagoak direlako, bai suteen kontra, bai gaixotasunen kontra, bai ur eskasiaren aurka. Horiek zaindu egin behar ditugu”.
“Bertokook bertako basoak zaintzen ez baditugu, nork zainduko du gure etxea?”, galdegin dute elkartekoek, eta epe luzerako helburua dutela onartu dute. “Asmoa da hemen sortuko dugun proiektu txiki bategaz bertoko basoa zabaltzen hastea, eta, etorkizunean, eremua hori handitzen joatea”.
Eremu horrek garrantzia “berezia” duela diote elkartekoek, hiru iturburu daudelako, eta “premiazkoa” dela iturburuak babestea: “Iturburuak babestea premiazkoa da, hauek agortuz gero, errekak desagertuko lirateekelako. Gainera, eukaliptoek lurzorua lehertu egiten dute. Horregatik, bertako espeziez osaturiko baso mixto bat sortuko dugu bertan, Lagaraino doan erreka bizirik mantentzeko”.
Lau hektareako eremu horretan bioaniztasuna sortu gura dute, arnasgune bat izateko.
BaSOS elkartea. Duela pare bat urte sortu zuten BaSOS elkartea, bertoko basoak eskaintzen dituzten onurak balioan jartzeko asmoz; hala nola, onura ekologikoak, sozialak eta ekonomikoak. Horretarako, hainbat hitzaldi, tailer, mahai inguru eta antzeko prestatu dituzte. Izan ere, horien bitartez herritarren kontzientziak piztu eta hausnarketak bultzatu gura dituzte, baita teoria guztiak praktikara eroan ere: lursaien erosketa eginez, auzolanean egindako landaketen bidez, bertoko espeziez osatutako mintegiak sortuz… “Gure oinordekoei bizileku hobea uzteko asmoa dugu”.