Eusko Label Liga "berdindua eta erakargarria" aurreikusten dute arraun taldeek
Bihar hasiko da A Coruñan 2023ko Eusko Label Liga. Bermeok, Isuntzak eta Ondarroak helburu desberdinak dituzte, eta txapelketa «berdindua eta erakargarria» aurreikusten dute.
Bihar [uztailak 1] hasiko da Eusko Label Liga A Coruñan (Galizia). Arraunlariek neguko ezkutuko lan gogorra atzean utziko dute, eta itsasoan erakutsi nahiko dute orain arte egindako guztia. Emaitzak, berriz, beranduago helduko dira, heltzekotan. Horien zain egongo dira Bermeo, Isuntza eta Ondarroa. Hirurak “gogotsu, ilusioagaz eta irrikitan” daude lehenengo estropadan aritzeko.
“Denbora gehiago gaude entrenatzen lehiatzen baino. Luze egiten da azkenean”, dio Iker Zabala bermeotarrak. Azaroan hasi ziren lanean, hau da, duela zazpi hilabete, eta bi hilabete eta erdi bakarrik lehiatzen dute. Urduritasuna da nagusi. Orain arteko lanagaz “pozik” agertu dira baita ere Iñaki Errasti Ondarroako prestatzailea eta Osertz Aldai Isuntzako prestatzailea: “Gure eskuan egin dugun dena egin dugu, ahalik eta ondoen heltzeko lehen estropadara”. Orain arteko jaitsieretan egindako lana eta emaitzak “onak” izan direla diote, baina orain “benetako maila” erakutsi beharko dutela.
Iñaki Errasti “belaunaldi aldaketa bat” bizitzen ari da sei urteren ostean
Baina norbere lanak baino aurkarienak kezkatzen ditu. Bermeok, adibidez, parte hartu duen estropada denetan astindu du bandera, tartean Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan. Erreferentziak dira, besterik ez, lehenengoak eta bakarrak. Jakin badakite Eusko Label liga bestelakoa dela. “Denok ez diegu denboraldiaurreko estropadei garrantzi bera eman, zalantza guztiak bihar eta etzi argituko dira”, dio Aldaik.
Nahitaezkoak. Aldaketa asko izaten dira urte batetik bestera arraunlarien artean. Antiguako Ama-k hamabi izan ditu, Lekittarra-k sei eta Bou Bizkaia-k zazpi. Ondarroan “belaunaldi aldaketa bat” bizitzen ari da Errasti sei urteren ostean. Entrenatzaileak dio apur bat “behartuta” egin behar izan dutela baina, era berean, harrobitik “indartsu” datozela. Zenbait beteranok ere ez dute Isuntzan jarraitzen, eta gazteen txanda ere heldu zaie. Talde “gazteagoa” duela dio Aldaik, “esperientzia gutxiagokoa”, baina izaera “borrokalaria” mantentzen duena. Zabalak “ondo ezagutzen” dituen arraunlariak erakarri ditu, eta bi galiziarregaz apustu “pertsonal” bat egin du: Daniel Folgada eta Diego Perez. Aldaketak aldaketa, irailean jakingo dute onerako edo txarrerako izan diren.
Bermeok parte hartu duen orain arteko estropada guztiak irabazi ditu
Bermeotarrek, esate baterako, “oso zail, ezinezko ez esatearren” izango dute iazkoa gainditzea: Liga eta Kontxa irabazi zituzten. “Zaldiak lerrokatuta daude”. Zabalak taldeko bizkarezurra mantentzea lortu du, eta etorri direnek “esperientzia” emango diote. Hori bai, prestatzaileak aurreratu du “iaz baino hobeto” helduko direla. “Ontzia arinago doa, orain ikusi beharko dugu zelan dauden gainontzekoak”. Zer esan dena irabazi duen talde bati? Zelan motibatu? Ez da erraza izan behar, hor dago entrenatzailearen erronka. Arraunlarien “izaerara” jo du Zabalak. “Ahalik eta gutxien sartzen saiatzen naiz, batez ere nire lana arraunlarien arteko oreka mantentzea da, egoak gestionatzea, orain arte ondo eraman dut”. Aurkari zuzenez hitz eginda, berahala erantzun du: “Hondarribia, azken urteetan bezala”. Ados daude Errasti eta Aldai. Hala ere, hirurek esan dute “egun puntualetan” Zierbenak, Oriok eta Donostiarrak ezustekoa emateko gaitasuna dutela.
Lekeitioko eta Ondarroako arraun elkarteek bestelako helburuak dituzte, “argi eta garbi”, bat egiten dute: “Maila mantentzea”. Beste hiru traineru aurreikusten dituzte borrokan: Meira, Santurtzi eta Kaiku. “Bizkaiko Txapelketan seigarren izan ginen, baina hirugarrenarengandik (Isuntza) bost segundora geratu ginen, eta txanda desberdinetan joanda. Denbora gutxian egon ginen traineru asko”, gogoratu du Errastik. Aldaik ere uste dut berdintasuna izango dela nagusi: “Norberak bere maila erakutsi arte urduritasuna eta ezjakintasuna izaten dira nagusi, tentsio handiko estropadak izaten dira. Estropada batzuk beharko dira bakoitzaren benetako maila ikusi ahal izateko”.
Sailkapeneko azken bi postuak saihestu nahi dituzte. “Lehenengo, jaitsiera zuzenean dakarren azken postua eta, gero, ahal izanez gero, baita playoffa ere”, zehaztu du Antiguako Ama-ren entrenatzaileak. Isuntzak iaz jokatu zuen kanporaketa. “Ez dira estropada errazak izaten. Hobeto saihestu”.
Aldaik talde “gazteagoa” du, baina izaera “borrokalaria” mantentzen dute
Garrantzitsua. Hiru entrenatzaileek eman diote garrantzia denboraldi hasierari. Aldaik azken bi asteetako lanari eman dio: “Ikusi beharko da nork egin duen aurrera eta nork asmatzen duen gehien hasieran”. Zabala iritzi berekoa da. “Hasiera garrantzitsua izango da, hasiera batean jotzen duenak bidea egiten du, eta zalantzak ezkutatzen ditu”, dio. Errastik, berriz, uste du hirugarren txandan ariko direnenen artean denborak “oso estuak” izango direla eta, horrenbestez, ez duela “inork hasieratik alde egingo”. Eusko Label liga “oso polita” izango dela uste dute: “Txanda denetan egongo da zerbait jokoan, ikuslearentzako hiru txanda erakargarri izango dira”.