Bermeoko EH Bilduk babes osoa adierazi dio Nadia Nemeh alkateari
Egun hauetan Bermeoko alkateak sareetatik jasandako "indarkeria misogino, matxista eta xenofoboak" salatu gura dituzte.
Eguaztenean aginte makila hartu ostean Nadia Nemeh Shomalyk alkate modura egin zuen lehenengo berbaldian esan zuen “batzuei ez zaiela gustatu alkate emakume eta palestinar jatorrikoagaz aurkitzea”. Eta, sufritu dituen eraso sexista eta xenofoboen aurrean esan zuen, “faxistak haserretu baldin badira, Bermeo oso-oso bide onean doala”.
Horren guztiaren aurrean, Bermeoko EH Bilduko kideek babes osoa adierazi gura izan diote alkate berriari: “Emakume eta palestinarra erdigunean jartzea da batzuen helburu bakarra”. Hala, egunotan Bermeoko alkateak sareetatik jasandako “indarkeria misogino, matxista eta xenofoboak” salatu dituzte.
“Emakumeak eremu politikoan gero eta ikusgarritasun eta parte hartze gehiago hartzen gabiz. Hala eta guztiz ere, gizonen eremu pribilegiatua izaten jarraitzen du, eta horren eraginez, emakumeok irain eta lizunkeri ederrak jasan behar ditugu, emakume izate hutsagatik. Nadia emakumea eta politikaria da. Bere gaitasuna aztertu beharrean bere gorputzean, generoan, jatorrian.. fokua jartzen duzuen guztion gainetik daude bere gaitasun eta konpetentzia guztiak udal gobernu buru izateko”, adierazi dute zabaldu duten adierazpenean.
Bermeoko EH Bilduren izenean “alkatetza jasotzeagatik eta erronka onartzeagatik” eskertu dute.