San Pedro lepoan hartuta prozesioan ibili dira Bermeon eta Mundakan. Lumon eta Elantxoben ere jai eguna dute.
San Pedro Eguna da gaur, arrantzaleen patroi nagusiaren eguna, eta kostaldeko herri askotan ospatzen ari dira gauko eguna. Elantxoben, Mundakan eta Bermeon. Lumon ere jai eguna dute gaurkoa. Ohituraz eta protokoloz betetako eguna izaten da San Pedro eguna, eta gaurkoan ere horiek guztiak bete dituzte herriotan.
Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, Arrantzaleen Kofradiako Eguna ospatu dute gaur bermeotarrek. 10:15ean udalbatza batu da Goiko Plazan, eta alkatearen soinua entzun ostean txistulariekin abiatu dira Santa Eufemia elizara. Bertan, kofradiako zuzendari batzordea agurtu dute, eta ostean, San Pedro santua atera dute kalera; Alde Zaharretik eta portutik ibili dira prozesioan, berriro ere Santa Eufemia elizara bueltatzeko. Ohi legez, lore-hostoak bota dituzte Alde Zaharrean. Prozesioa portura iritsi denean, urtero legez, herrian esanguratsua den sirena hotsa ere entzun da.
San Pedroren prozesioa Bermeoko Alde Zaharretik
Jai nagusiak dira sanpedroak mundakarrentzat. Gaur prozesioan atera dute San Pedro santua, Mundakako Arraun Taldeak lagunduta. Plazan, gainera, ohorezko aurreskua dantzatu dute, sardina-jan herrikoia hasi aurretik; ilara luzea egin da sardinak dastatzeko. Plaza bete egin da San Pedro egunez.
Arratsaldean, pilota partiduak jokatuko dituzte, eta ume zein nagusien playback txapelketekin amaituko dute jai egun handia.
Sardina jana Mundakako Plazan
Egungo gobernu taldeak jakitera eman duenez jaietan bolanderen kopurua murriztea erabaki dute, “jaiak ahalik eta inklusiboenak izan daitezen, ohiturak ahaztu gabe”. Horregatik, Alborada egunean hiru bolandera baino ez zituzten erabili, eta ekintza esanguratsu bakoitzean bolandera bakarra jaurtiko dutela adierazi dute.
Bestetik, biharko bazkaria eta ondorengo dantzaldia Isla Kale kiroldegian egin beharrean, Kasinoan egingo direla aipatu dute.
Mundakarrek, oraindik ere, egun batzuk dituzte aurretik
San Pedro jaiak ospatzeko, asteburua ere tarteko.
Lumoko sanpedroak ere bereziak izaten dira lumotarrentzat, eta gaur abiatu dituzte asteburu osoko ekintzak. Mila Obieta Iturriarte lumotarra arduratu da txupina jaurtitzeaz, eta herriko jaiei hasiera ematez. Gero, meza santuan elkartu dira bizilagunak, eta pintxo jana izan dute aukeran.
Elantxoben ere
sanpedroak ospatuko dituzte gaur eta bihar. Ume eta nagusientzako jarduerak daude aukeran.