Badatoz Astrako iluntze musikatuak
Uztailak 5ean bueltatuko dira Astra Iluntzeak, eta uztailaren 26ra arte entzungo dira doinuak kulturarako fabrika sozialean. Aurtengo kartela herriko hamabost eragileren artean osatu dute.
Uda ailegatzeagaz batera, badatoz Astra Iluntzeak. Azken urteetan bezala, eguazten iluntzeak bereziak izango dira Astran. Uztailaren 5ean hasi eta uztailaren 26ra bitartean, kontzertu bana hartuko du kulturarako fabrika sozialak eguaztenero, eta musika izango da protagonista 20:00etatik aurrera.
Azken hilabeteetako lan gogorrari eta taldeen indarrari esker osatu dute aurtengo kartela hamabost eragileren artean: “Urte osoko egitarau zabala eta gero, bagatoz. Gure eragile eta taldeen indarra ekintza kultural bihurtuta dakarkigu. Asko gara Astra barruan egunerokotasunean espazioa elkarbanatzen dugun kultur talde, kolektibo politiko zein ikastaro artistikoak, eta elkarregaz beharrean jarri gara udako arratsaldeak girotzeko”.
Autogestioari jarraituz, urte asko pasatu dira Astran elkarte, talde eta eragileak Astran sartu eta herriak beharrezkoak zituen eskaintzak eskaintzen hasi zirenetik. “Gernika eta bere ingurua beste era batera eraiki ahal zela erakutsi eta gure herria Astra barik ezin ulertzea ahalbidetzera heldu gara. Egiten ez bada, ez da egongo”, hausnartu zuten atzoko agerraldian.
Hainbat lelo kaleratu dituzte idea hori indartzeko, baina Astrako eragileek jakin badakite dena horren arin doan garaiotan eta globalizatuta dagoen munduan “oso zaila” dela ekintzailetzan eta herrigintzan aurrera egitea, eta erreleboa eskatu dute: “Gura duguna proiektatzeko aktibo ezinbesteko moduan ikusten dugu bere alea jartzeko prest dagoen jendearen indarra. Astra babestuko duen jendeaz gain, hauspoa emango dion jendea behar du Astrak. Denon esku dago haize berria ekartzea gure etxera”. Errelebo bat “ezinbestekoa” dela azpimarratu dute.
15 elkarte, lau saio.
Helburu hori lortzeko bidean, euren indarra erakutsi gura izan dute aurtengo iluntzeetan ere bai. Eta uztaileko lehenengo eguaztenetik azkenengora, askotariko adierazpen kulturalak igoko dira trenbide alboan jarriko duten oholtzara. Autogestioan oinarritutako kultura hori aldarrikatzetik praktikara eroatera datoz beraz, beste urte batez, Astra Iluntzeak: denon kultura sustatzera. Udalerriko elkarte eta taldeen elkarlan horren adierazgarri dira ekimena antolatzen parte hartu duten taldeak: Ikasle Abertzaleak, Egurre, Itaia, GKS, Tukatukada, Swing, Biztu Irratia, Rudelariak, Lilibertso, Sare, Jardun, Txutxu, Mobidu, Ernai eta Neska Gaztiek.
Uztailaren 5erako Miseriaren Adarrak ikuskizuna prestatu dute GKS, Itaia eta Egurreko kideek, eta eurek antolatutako kontzertuagaz hasiko dira Astra Iluntzeak. Gero, uztailaren bigarren eguaztenean, Olindak hartuko du oholtza, eta bertsolarien txanda ailegatuko da uzrailaren 19an: Miren Amurizak, Miren Artetxek, Asier Galarzak eta Ander Elortegik botako dituzte bertsoak. Aurtengo egitarauagaz amaitzeko, Ander eta Elenak euren instrumentuak aterako dituzte iluntzeen gozagarri.
Aurten, gainera, ikuskizunez gain, jatekoa eta edatekoa ere egongo da iluntze musikatuetan, eta kultura autogestionatua aldarrikatu eta ilunabarrez gozatzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei: “Iluntzeek harrera ederra egingo digute hain ohikoa bihurtu den eguzkuaren bitartez. Gonbidapena, beraz, luzatuta geratzen da. Etorri, gozatu eta izan gure proiektuaren parte. Izan daitela hau Astrako parte hartze guneetara etortzen hasteko lehen pausoa”.
Egitaraua.
- Uztailak 5. Miseriaren Adarrak. Antolatzaileak: IA, Egurre, Itaia eta GKS.
- Uztailak 12. Olinda. Antolatzaileak: Tukatukada, Swing, Biztu Irratia eta Rudelariak.
- Uztailak 19. Bertso saioa: Miren Amuriza, Miren Artetxe, Ander Elortegi eta Asier Galarza. Antolatzaileak: Lilibertso, Sare eta Jardun.
- Uztailak 26. Ander eta Elenaren kontzertu akustikoa. Antolatzaileak: Txutxu, Mobidu, Ernai, Neska Gaztiek.