Nadia Nemeh da Bermeoko alkatea
Nemehk "hunkituta" hartu du aginte makila Xabier Ortuzarren eskutik, eta ez du Asier Laurrauri ahaztu: "Asko gutsut Asier".
Aurreko agintaldian EH Bilduko zinegotzi izan ostean, gaur [ekainak 28] aginte makila hartu du; hala, datozen lau urteetan Bermeoko alkate izango da Nadia Nemeh Shomaly.
Joan den barikuko [ekainak 23] ez ohiko bilkuran Asier Larraurik ekainaren 20an idazki bidez aurkeztutako alkate eta zinegotzi karguari uko egitea onartu ondoren, Bermeoko Udalak ezohiko osoko bilkura egin du alkate berria izendatzeko. EH Bilduren eta Guzanen arteko akordioa berretsi ondoren, EH Bilduko bost zinegotzien eta Guzaneko lauen aldeko botoak jaso ditu. Guzan plataformako Xabier Ortuzar izango da lehen alkateordea.
Nemehk “hunkituta” hartu du aginte makila Ortuzarren eskutik, eta bertaratutako guztiei eskerrak eman dizkie. Bere herriko ordezkaria izatea “ohorea” dela esan du, baina azken egunetan gertatutakoa ez du ahaztu gura izan, eta “Larraurik egindako lanaren seme alabak” direla nabarmendu du: “Asier ez da lankidea bakarrik, laguna da eta nire neban bihurtu da. Argi daukat, neba bat bidean erortzen baldin bada, lepoan hartu eta segi aurrera. Asko gutsut Asier“.
Egunotan bermiotarra izateari buruz hausnartu duela esan du Nemehk: “Batzuei ez zaie gustatu alkate emakume eta palestinar jatorrikoagaz aurkitzea. Sufritu ditudan eraso sexista eta xenofoboen aurrean argi esango dizuet: faxistak haserretu badira, oso-oso bide onean goaz herri honetan. Orduan, zer da bermiotarra izatea? Bermeo maitatzea, eta nik asko maite dut Bermeo“.
Gustuko duen udal politikaz aritu da, “irekia, bulegoetatik kanpo kalean egiten dena, hurbila, pertsonala”, hau da, “pertsonak pertsonentzako egindakoa”. Alkate berriak esan du hori guztia dela helburua, eta bide hori jarraituko dutela: “Guk daroagu timoia, baina udaleko patroiak zuek zarete”.
Guzanen babesa eskertzeko tartea ere hartu du; “euren babesari esker amets honi forma eman diogu”. Aipatu du lehenengo unetik elkarregaz lanean “tinko” aritu direla, “herri feminista, sozialekonomikoki indartsua, euskalduna eta bateratu” baten alde.
Aurretik “erronka handia” daukatela badaki, baina “iparra galdu barik”, timoia “sendotasunez hartzeko konpromisoa” hartzen duela nabarmendu du.
Gaurko osoko bilkuran, gainera, Bitor Uriartek zinegotzi kargua hartzea onartu dute.