Bermeoko azken eraso matxista salatu dute
Bermeoko Mugimendu Feministatik deituta, Lamerako harrizko bankuan egin dute protesta. Bermeoko Udalak bat egin du elkarretaratzeagaz.
Joan den eguenean (ekainak 22) emakume batek eraso matxista jasan zuen udalerrian. Ertzaintzak baieztatu egin du emakumeak eguenean bertan salaketa ipini zuela Gernika-Lumoko komisaldegian.
Bermeoko Mugimendu Feministak deituta, azken erasoa salatzeko batu dira Lameran. “Bermeokoa ez da kasu aislatu bat, egunero ematen dira Euskal Herriko herri desberdinetan. Onartezina da”, esan dute elkarretaratzea amaitzerakoan.
Behin eta berriro esan dute, eta gaur ere errepikatu dute: “Argi daukagu, arazoa estrukturala da: etxean, kalean, erakundeetan baita ere inguru hurbilenekoan ere. Ez daukagu zalantzarik”.
Joan den astean egin modura, gaurkoan ere aipatu dute “eskuina zabaltzen ari den garai honetan inoiz baino garrantzitsuagoa dela politika feministak aldarrikatzea”.
Gaur (ekainak 28) LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, “askatasunean bizitzeko eskubidea eskaintzen dugu”.
Eraldaketa soziala lortu gura baldin bada, eremu desberdinetatik lan egitea “beharrezkoa” dela uste dute, “bakoitzari dagokion ardura hartuta; instituzioetatik, eta baita herritik ere! kaleetatik!”.
Bermeoko Udalak bat egin du elkarretaratzeagaz eta “gaitzespenik sutsuena” adierazi du. Era berean, elkartasuna adierazi diete emakumeari eta bere ingurukoei, eta baita ere erasotzaileari aurre egin zioten pertsona guztiei. “Gure esku dagoen guztian laguntzeko prest gaudela jakinarazten diegu”.