Aurreko asteko eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Bermeoko Mugimendu Feministak
Gaur (ekainak 28), 19:00etan, Lamerako harrizko bankuan batzeko deia zabaldu diete herritarrei.
Bermeoko Mugimendu Feministatik jakinarazi dutenez, eguenean (ekainak 22) emakume batek eraso matxista jasan zuen udalerrian, eta hori salatzeko deialdia zabaldu dute.
Gaur (ekainak 28), 19:00etan Lamerako harrizko bankuan batuko dira elkarretaratzean.
Ertzaintzak baieztatu egin du emakumeak eguenean bertan salaketa ipini zuela Gernika-Lumoko komisaldegian.
Bi astetan bi eraso matxista izan dira Bermeon; orain dela bi asteburu gertatutakoa salatzeko, herriko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzean batu ziren aurreko astean (ekainaren 20an), eta udalak ere bat egin zuen deialdiagaz. Beste behin, Bermeoko Mugimendu Feministak politika feministen zein autodefentsa feministaren garrantzia azpimarratu zuen. Era berean, Bermioko Neska Gaztiek deitutako kontzentrazioa izan zen barikuan (ekainak 23).