170 pertsona, Urdaibaiko Bertoko Produktuaren Jardunaldietan
Parte hartzaileen balorazioak jaso ostean, tokiko ekoizleak eta kontsumitzailea harremanetan jartzea helburu duten esperientziak diseinatzen ari direla jakitera eman dute.
Urdaibaiko Bertoko Produktuaren Jardunaldiak hartu zituen asteburuan Ekoetxea Urdaibaik. Zapatuan eta domekan esperientzia desberdinetan parte hartzeko aukera eskaini zuten, eta jakitera eman dutenez, denetara, 170 pertsona bertaratu dira.
Azaldu dutenez, bertoko ustiategietara antolatutako bisita gidatu guztiak “bete” egin ziren: “Horrek erakusten du herritarrek interes handia daukatela tokiko produktuak eta ekoizleak ezagutzeko”. Bestetik, asteburuan antolatu ziren tailerretako parte hartzea ere “handia” izan dela nabarmendu dute.
“Parte hartzaileek esker ona adierazi digute, baita horrelako ekimenak egiten jarraitzeko duten interesa ere”, aipatu dute antolatzaileek. Ildo horretan, tokiko ekoizleak eta kontsumitzailea harremanetan jartzea helburu duten esperientziak diseinatzen ari direla jakitera eman dute: “Kontsumitzaileari produktuen ziklo naturalak errespetatzearen garrantzia erakustea da asmoa; izan ere, osasunerako ona da, aurrezten laguntzen du, eta karbono dioxidoaren emisioak murrizteko eta tokiko merkataritzan laguntzeko balio du”.
Gogorarazi dutenez, Urdaibaiko tokiko produktuaren jardunaldiak Ekoetxea Sareak martxoan abiarazi zuen #UrdaibaiErronkaren parte da, eta helburutzat dauka Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako herritarrek eremuko emisioak ekainaren 30a baino lehen 300 tona CO2 murriztea.